Entzuten duzun musikak jaten duzunean eragiten du

Entzuten duzun musikak jaten duzunean eragiten du Ikerketa askok aztertzen dute musika anbientalaren eragina pertsonon jokabidean, baina bada arlo zehatz bat aztertzen duena ze puntutaraino eragiten duen musikak jaten dugun horretan eta jateko dugun moduan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/entzuten-duzun-musikak-jaten-duzunean-eragiten-du/@@download/image/blog-musica_25012019.jpg
2019/12/19

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ikerketa askok aztertzen dute musika anbientalaren eragina pertsonon jokabidean, baina bada arlo zehatz bat aztertzen duena ze puntutaraino eragiten duen musikak jaten dugun horretan eta jateko dugun moduan.
Entzuten duzun musikak jaten duzunean eragiten du

Ardoa bezala produktuekin aztertu da hau batez ere, baina baita mota guztietako beste elikagaiekin ere. Hard Rock Cafe edo Chipotle bezalako jatetxe kateak ikerketa hauetan oinarritzen dira euren bezeroak baldintzatzeko. Hau ez da berria: Muzak korporazioa hasi zen soinu bandak Estatu Batuetako dendetara eta lan guneetara komertzializatzen 1928an.

The Wizard of Oz pelikularen autoreak, Frank L. Baum, 1890. urtean argiztapen teknikak aplikatzen hasi zen produktuen aurkezpenarekin kontsumitzaileak hipnotizatzeko. 1928tik Muzak korporazioak beste osagarri limurtzaile bat gehitu zuen dendetan: hari musikala.

Egun Muzak-ek 16 musika hari ezberdin eskaintzen ditu, eta dendentzat soinu bandak esklusiboak konposatzeraino ere iritsi da. Izan ere, hari musikalak kontsumitzaileek gehiago erostera bultzatzen baititu. Honetaz gain, Muzak-ek badaki janarian ere nola eragiten duen musikak.

Janari azkarreko jatetxeek Muzak-en musika erabiltzen du kadentzia azkar batekin bezeroek azkarrago mastekatu dezaten. Jatetxe frankizia batzuk euren soinu banda propioak diseinatzen dituzte gainera helarazi nahi duten jarrera komunikatzeko.

Musika eta janaria
Arropa denda batzuetan musika horren altu egotearen arrazoia da diskoteka modu bat bilakatu nahi dutela lokala. Hau da, dibertitzera goazen leku bat. Leku bat gogoratuko diguna nolako itxura edukiko genukeen bertako arropekin diskoteka edo taberna batera joaten garenean larunbat gau batez.

Bada beste arrazoirik ere: Musikak gure autokontrola higatzen du. Hau da, modu konpultsiboagoan erosten dugu soinu banda bat badugu gure belarriak zorabiatzen. Gehiegizko estimulu horrek kontsumitzaileei eragiten die, erabakiak hartzeko hausnarketarako beta murriztuz.

Elikadurari dagokionez gauzak sotilagoak dira. Marketin esparruan jada klasikoa den ikerketa batek ondorioztatu zuen ardo frantsesak saltzen zituen denda batean musika frantsesa jarrita bazegoen 40 botila saltzen zirela eta 12 botila musika alemana jarrita bazegoen. Aldiz, saldu nahi duguna ardo alemana bada, musika alemanarekin 22 botila saltzen dira, musika frantsesa jarriz 8.

Jakina, hau guztia maila inkontzientean gertatzen da. Bezeroei galdetu zitzaienean erosleek ziurtatzen zuten aurretik pentsatua zutela ardo botila frantses edo alemana erosteko eta musikak ez zuela horretan eraginik izan.

1990. urte hasieran Bournemouth Unibertsitateak beste ikerketa bat burutu zuen. Helburua jaki italiarrak saltzea zen. Kasu honetan musika aldatzeaz gain dekorazioa ere aldatu zuten. Denak Italia gogorarazten bazuen komentsalek pasta eta postre italiar gehiago eskatzen zituzten. Berriagoa den ikerketa batean, komentsalek plater indiarrak edo malayarrak aukeratzen zituzten herrialde bateko edo besteko musika jarrita bazegoen.

Komentsalek zer entzutea nahiago duten jakiteko esperimentu bat ere burutu zen 600 kontsumitzaile baino gehiagoren artean. Hauek 20 pista musikalen artean aukeratu behar zuten etxean entzuteko, ondoren etxera janaria iristen zitzaien. Janari horien artean italiarra, indiarra, thailandiarra, txinarra eta japoniarra zeuden. Aukeratzeko musikaren artean genero ezberdinak zeuden.

Pavarotti-re Nessun dorma izan zen aukeratuenetako janari italiarrari laguntzeko. Oro har, Nina Simonen Feeling good eta Frank Sinatraren One for may baby kantuek lehen hiru postuak lortu zituzten janari mota dena delako izanik ere. Ezustekorik handiena Justin Bieber-en eskutik etorri zen, bere Baby abestiak azken postuetan amaitu baitzuen.

Musika klasikoa gehiago ordaintzeko
Oro har, badirudi musika klasikoak eskuzabalagoak izatera bultzatzen gaituela ordaintzerako garaian bi ikerketek ondorioztatu dutenez. Frogatu da musika klasikoa jarrita badago jatetxean bezeroek propina gehiago uzten duela pop musika jarrita badago baino. Ardotegietan ere bezeroek diru gehiago xahutzen dute musika klasikoa entzuten badute.

Noski, hau jatetxe edo denda sofistikatuetan soilik gertatzen da. Janari azkarreko jatetxeetan musika klasikoa jarriz gero kontrako jokabideak sustatuko lirateke. Musika klasikoak klase edo kategoria modu errazagoan komunikatzen baitu. Gainera, musika klasikoak erakartzen dituen entzule askok, oro har, erosteko ahalmen handiagoa izan ohi dute.

Musikak elikagaien zaporean ere eragin dezake, eta gure gustuko musika jarrita baldin badago gehiago gustatuko zaigu janaria. Honela, erritmo azkarragoko musikarekin jan eta edan ere azkarrago egingo da eta alderantziz, musika lasaiarekin motelago jaten dugu. Haatik, jatetxean ilara baldin badago musika azkarra eraginkorragoa izango da bezeroek azkar bukatu eta horrela irabazi gehiago eskuratzeko. Zu ere Skinner-en arratoiak bezala sentitzen zara?