Entzuteko liburuen iraultza: Eleberriak idazteko modua aldatuko al dute?

Entzuteko liburuen iraultza: Eleberriak idazteko modua aldatuko al dute? Eleberri erromantikoak idazten dituzten zenbait idazle estatubatuarrek iragarri zuten euren liburu berriak entzuteko formatuan soilik argitaratuko zirela. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/entzuteko-liburuen-iraultza-eleberriak-idazteko-modua-aldatuko-al-dute/@@download/image/best-black-audiobook-narrators-social.jpg
2021/08/06

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Eleberri erromantikoak idazten dituzten zenbait idazle estatubatuarrek iragarri zuten euren liburu berriak entzuteko formatuan soilik argitaratuko zirela.
Entzuteko liburuen iraultza: Eleberriak idazteko modua aldatuko al dute?

Egun, joera hau orokortzen ari da. Entzuteko liburuak geroz eta garrantzia handiagoa dute liburuen merkatuan eta ekoiztetxeen industrian. 2019an burutu zen ikerketa baten arabera audiobook formatua 2020an %25 haziko zen. Pandemiaren ostean, jakiteko dago kopuru horiek benetakoak diren edo gaindituak izan diren. Argi dagoena da, koronabirusaren krisia dela eta, denbora gehiago ematen dugunez etxean, askok irakurtzeari ekin diotela, eta beste askok liburuak entzuteari. 

Formatu honen eztanda moduko bat gertatu dela nabaria da. Hain da horrela, lehen libururik irakurtzen ez zituzten pertsonak ere erakarri dituela. Hazkuntza hau dela eta, ekoiztetxe batzuk idazleak fitxatzen hasi dira, formatu mota jakin honetan liburuak sortu ditzaten. Sorkuntza ikuspuntutik, honek galdera hau sortzen du: eleberriak idazteko modua aldatuko al du formatu berri honek? 

Ebook-ak azaldu zirenean ere hori zen galderetako bat. Liburu elektronikoek merkatua aldatu zuten. Zenbait generoren pizkundea ekarri zuten, horien artean nobela erotikoarena edo erromantikoarena. Klasikoak eskurago ere jarri zituen eta autore ezezagunei ate bat ireki. 

Orain, entzuteko liburuekin, eleberrien egitura aldatuko al da? Adituek diote ekidinezina dela hau. Historian zehar, eboluzio teknologiko guztiek, liburuen sorkuntzan eragina izan dute. Orain dela 500 urte agertu zen inprimatutako liburuak ere irakurtzeko modua aldatu zuen, irakurtzeko modu erosoagoa eta pertsonalago bat sortuz. Alta, oraindik goiz da audiobook-en eraginaz mintzatzeko, jaiotza fasean baitago. 

Hala ere, aipatzen da entzuteko liburuak sortzerakoan bi hitz jakinek batera jarrita duten sonoritatea kontuan hartzen dela istorioan entzulea gehiago sar dadin. Soinuaren unibertsoa presenteago du sortzaileak, entzulearentzat ahalik eta errealistena izan dadin. Horretaz gain, soinu efektuak ere testura gehigarri bat gehitu diezaiekete, paperezko liburuek ez dutena. 

Argi dagoena da, entzuteko liburuak etorkizun besterik ez duela aurretik, eta esploratu gabeko bide ugari. Beraz, sakatu play eta gozatu irudikatutako munduez.