Entzun… eta gozatu

Entzun… eta gozatu https://www.gaztezulo.eus/albisteak/entzun-eta-gozatu/@@download/image/20091152855entz_1362564427.jpg
2009/11/06
erreportajea
Nerea Sancho Psikologoa eta Sexologoa.
Entzumen organo nagusiak belarriak dira, eta gorputz-orekaren kontrolaz ere arduratzen dira. Belarri ingurua erogenoa izan daiteke oso, kitzikapenerako aproposa. Baina, horrez gain, entzumenak hotsen eta soinuen mundu erotikoan murgiltzen gaitu.

Gizakion ahotsa espezifikotasun handikoa da. Alde batetik, hitz egiten duenaren sexuaren berri ematen digu, salbuespenak salbuespen. Gainera, pertsonaren adinari buruzko informazioa ere badakarkigu: haurra, gaztea, heldua ala zaharra den jakin dezakegu. Ahotsa, beraz, nortasun zeinua da. Erabiltzen dugun hizkuntzarekin eta norberaren adierazpideekin konbinatuz, ahots bakoitza bakarra da, errepikaezina. Entzumenak gure sexu-kidea edo bikotea identifikatzeko balio digu, hortaz.  

Bestalde, giza ahotsa modulatzea posible da, horretarako bolumena eta tonua aldatuz, adibidez. Hala, emozioak, desioak eta plazerak adierazteko hitzen eta bestelako soinuen konbinazioak erabiltzen ditugu. Izan ere, soinua sortzea espresatzeko beste modu bat da, gure sentipenak kanporatzeko aukera ematen diguna. Hitzez, kantuz edo uluz egin dezakegu, edota txistukatuz, irrintzia botaz eta abar.

Adierazteko eta girotzeko estrategiak

Hizkuntza, ahozko komunikazioa, elkar ulertzeko sistema dugu, informazio ugari eta anitz elkartrukatzeko tresna, eta sentimenduak nahiz desioak adierazteko sinbolo sistema eraginkorra. Olerkiak, bertsoak, hitz ederrak, lizunkeriak edota laudorioak erabil ditzakegu (aldez aurretik planifikatuta zein modu inprobisatuan) gizakion arteko harreman erotikoak definitzeko. Hauek guztiak sedukziorako baliatzen ditugu, eta horrez gain, hizkuntza jakin batzuen sonoritateak kitzikagarriak iruditu dakizkiguke; erotikoak zaizkigula, alegia. Horrexegatik bihur daitezke bertako edo atzerriko sexu-kideak erakargarriagoak. Isiluneak ere, bestalde, esanguratsuak dira oso, eta asko komunika dezakete.

Soinuek eta isiltasunak giro ezberdinak sortzen dituzte. Adibidez, gau-giroa eta egun-giroa bakoitzari dagozkion soinuengatik identifika ditzakegu, eta inguratzen gaituzten hotsek gure emozioetan eragin sakona dute. Musikak, esaterako, oso rol garrantzitsua joka dezake gure bizitza erotikoetan. Giro intimoa sortuz, desioa piztuz, mugimendua eraginez, oroitzapenak gogora ekarriz, intentsitatea gehituz eta gutxituz… musikak gure emozioak erregulatzen laguntzen digu, eta beraz, dantzarekin batera, sedukziorako osagai klasiko bezain eraginkorra da.

Eta musikak bezalaxe,  beste hainbat soinuk ere emozioak eta sentimenduak eragiten dizkigute; hala nola, itsasoaren hotsak, lagunaren arnasketak, xuxurlek, hasperenek, marruek… Lasaigarri edo kilikagarriak izaten dira.

PROBATU AL DUZU?


Bikotekidearekin sexu harremanak izan bata jantzita eta bestea biluzik dagoela

SEXESALDIA


Zizpuru ta garrasihotsen abesbatzanbelarrira xuxurlanabil konfiantzanzure senak entzungonauen segurantzan.Bi gorputz bero gara.Bi gorputz, balantzan,gure arnas estuenerritmoan dantzan.

Jon Martin

SEXEGUNA



Azaroaren 16a. Tolerantziaren Aldeko Nazioarteko Eguna.
Azaroaren 25a. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna.