Enrikko Rubiños (Vendetta): "Gure musika mugarik gabe zabaldu nahi dugu"

Enrikko Rubiños (Vendetta): "Gure musika mugarik gabe zabaldu nahi dugu" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/enrikko-rubinos-vendetta-gure-musika-mugarik-gabe-zabaldu-nahi-dugu/@@download/image/vendetta1_1417773680.jpg
2014/12/05
elkarrizketa
Saioa Baleztena / @SaioB
Enrikko Rubiños (Vendetta): "Gure musika mugarik gabe zabaldu nahi dugu"
Dagoeneko zabaldu dituzte Durangoko Azokaren ateak, eta gaurtik hasi eta astelehenera bitarte egitarau zabala nagusituko da. Gaur gauean, adibidez, 00:30etatik aurrera, Hesianen kontzertuaren ondotik, Vendetta taldeak gaur bertan argia ikusi duen ’13 balas’diskoaren aurkezpena egingo du Plateuenean. GAZTEZULOn Enrikko Rubiños taldekidearekin izan gara.


Labur-labur, ’13 balas’ zer dakar bilduma berriak? 
Izenaren bitartez aurreikusi daitekeen bezala, 13 kanta biltzen ditu disko berriak. Ohiko sla musikan oinarrituta, estilo askorekin jolastu dugu irish, rock, funky edota countryarekin, adibidez. Hitzetan azkenik, konpromiso nabaria dago eta eguneroko arazoak argira ateratzen ditugu, geurea dena defendatuz.
 
Noiz eta nola grabatu zenuten?
Zuzenekoetan izaten dugun teknikaria, Paxkal Etxepare, aritu zen, eta bere etxeko estudioan, Bardosen, grabatu genuen iraila eta urria bitartean.

Lehen diskoa kaleratu zenutenetik bost urte betetzen direnean ikusiko du argia zuen laugarrenak. Nola definituko zenuke taldearen bilakaera?
Ohituraz-edo bi urtetik behin kaleratzen dugu disko berri bat, eta egia esan, batetik bestera, harrera gero eta hobeagoa izan dugula esan genezake. Vendetta goruntz doa talde bezala, eta hori pozgarria da guretzako, ibilbide osoan sartu ditugun milaka orduak fruitua ematen ari direlako.
 
Disko berriak aldaketa dakarrela azpimarratu duzue.
Musikalki, bilduma gogorragoa da, festa girokoa eta juergarako aproposa!

Berrikuntzetan murgilduta, aplikazio berria ere martxan jarriko duzue hilabete amaieran.
Doakoa izango da eta horren bitartez, zuzenean "13 Balas" diskoa eta aurreko hiru diskoekin sotu dugun bildumatxoa jaitsi ahal izango du erabiltzaileak. Beraz, nahi beste aldiz entzun ahal izango dira gure bildumak. 

Zein euskarritan kaleratuko duzue diskoa?
Lehen esan bezela CDa ohiko formatoan izango da eskuragarri, eta www.lavendetta.org bitartez ere, doan deskargatu ahal izango da. Bestalde, pack bereziak eskainiko ditugu, kamiseta, posterra, diskoa eta txapa, adibidez.
 
Zergatik egin duzue, zuen musika doan eskuragarri jartzeko apostua?
Gaur egun edozeinek deskargatu dezake edozein disko, ahalegin berezirik gabe. Guk egin dugun gauza bakarra da, errealitate horri lehenengo planoa eman eta guk zuzenean doan eskaini. Bestetik, gure musika mugarik gabe zabaldu nahi dugu, eta zabalkunde hori oztopatu dezaketen gauza guztiak saihestu nahi ditugu.
 
Sareak zenbateraino eragiten du musikarien ibilbidean zuen ustez?
Gaur egun ezinbestekoa da sarean eguneratuta egotea, gure lana zabaltzeko dagoen armarik potenteena baita. Pentsaezina litzateke oraintxe, sare sozialik gabe gu gauden tokian egotea.
 
Gaur gauean izango zarete Plateruenean. Kontzertuaren aurrerapenik egiterik bai?

Pozgarria da guretzat, diskoa ateratzen den egunean Plateruena bezalako agertoki batean jotzea. Gozada bat. Bertan aurreko diskoetako kantuak, kantu berriekin nahastuta joko ditugu.
 
Etorkizunari begira zein dira zuen erronka nagusiak?
Ba disko berria ahal den gehiena zabaltzea, eta taldea ahal den gehiena ezagutzera ematea, Euskal Herrian eta mundu osoan.
 
Disko berria kaleratzearekin batera, bira abiatuko duzue gaur.
Datorren astean, abenduak 11ean hasita Suitzan hiru kontzertu izango ditugu, eta bueltan  Hatortxurock jaialdian egingo dugu geldialdia. Hilabeteko atsedenaldi bat hartuko dugu gero, eta otsailean indarberrituta itzuliko gara, eta Espainia Estatuko aretoetatik joko dugu.