Enpresetan lanak egiteko giza itxurako robotak alokatzea
Etorkizuneko kontutzat jotzen ditugun gauza asko orainaldian gertatzen ari dira, eta horietako bat da giza itxurako robotak izatea zenbait zeregin edo lan egiteko. Gero eta toki gehiagotan eta gero eta enpresa gehiagok baliatzen dute aukera hori, eta robotak erosi beharrean, alokatu egiten dituzte.
Robotics as a Service (RaaS) enpresak, esaterako, giza itxurako robotak eskaintzen ditu alokairuan, eta mantenimenduaz, software eguneraketaz eta laguntza teknikoa emateaz ere arduratzen da.
Adimen artifiziala eta robotikaren mundua etengabe hazten eta garatzen ari da, eta horren ondorioz, fabrikatzaileek maizago sortu eta kaleratzen dituzte modelo berriak. Hori dela eta, enpresa askok nahiago dute robotik ez erosi, urte batzuen buruan zaharkituta geratuko direla jakinda. Alokatzearen hautua eginda, ez dute inbertsio handirik egin beharrik eta teknologia berriena izan dezakete eskura.
Robotics as a Service enpresak streaming plataformen edo software harpidetzen antzera funtzionatzen du. Bezeroek aldizkako kuota bat ordaintzen dute zerbitzu honen truke, eta hartara, enpresak eskaintzen duen ekipamendua erabil dezakete behar duten denboran. Robotak instalatzeaz gain, mantenimendua, software eguneraketak, laguntza teknikoa eta urruneko kontrola ere barne hartzen du zerbitzuak.

Fabrika, ospitale, nekazaritza-ustiategi, logistika zentro, ekitaldi eta publizitate kanpainetan erabiltzen dituzte giza itxurako robotak. Txinan garbiketan eta etxeko lanetan aritzen dira. Estatu Batuetan ospitaleetan lan egiten dute, esate baterako sendagaiak toki batetik bestera mugitzen. Hala, logistika kontuekin lotutako zereginak roboten bidez egiten dituzte, erizain eta medikuek pazienten arretarentzat eta gainerako kontuentzat denbora gehiago izan dezaten.
Badirudi, beraz, etorkizunean gero eta gehiago ikusiko ditugulako giza itxurako robotak halako toki eta zereginetan. Denbora aurrezteko eta zereginak arintzeko baliabide ona izan daiteke, betiere langileari eragiten ez dion bitartean.
