Eneritz Zabaleta: "Aurpegi galanta dudala esaten didate"

Eneritz Zabaleta: "Aurpegi galanta dudala esaten didate" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eneritz-zabaleta-quotaurpegi-galanta-dudala-esaten-didatequot/@@download/image/66p60-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Jon Odriozola
Baionesa. Cancer. 22 urte. Hiru urtez Pauen Zuzenbide Ekonomikoa ikasi ostean, egun "Mugen Gaineko Harremanak" ikasten dihardu Baionan. "Errugbia eta bertsolaritza dira nire zaletasunak", dio segurantziaz. Aurten Baiona errugbi taldeko filiala utziko du, eta Hernanin jokatuko du. Abuztuan, bertsoa bota zuen Baionako besten txupinazoan, eta hauxe azken puntua: "Zuri-gorria ahantzi eta/ karrikak euskaraz jantzi".

Arrunt laket dut: Bertso-afariak. Bertsotan aritzea gustuko dut, eta Xumai Muruarekin jarduten dut, batik bat.
Ez dut parean ikusi ere egin nahi: Gezurra. Instituzioekin harremana izan dut, eta nahi baino gehiagotan topatzen ari naiz.

Lasaigarri zait: Musika. Tapia eta Leturia entzutea, batik bat.


Sutan jartzen nau: Prentsan Euskal Herriaz ageri den manipulazioak.



Gustura irakurri nuen: Luis Sepulvedaren hiru liburu. Liburu bakoitza gaztelera eta frantsesez irakurtzea dut xede.


Lo seko geratu nintzen irakurriaz: Zuzenbideko lege proiektu bat; lo geratzeko modukoak baitira!



Bertutea: Zintzotasuna.
Akatsa: Aurpegi galanta dudala esaten didate batzuetan.

Ametsa: Euskal Herriko txoko guztietan euskaraz hitz egin ahal izatea.
Amesgaiztoa: Euskal Herriko txoko askotan, euskaraz hitz egin ahal ez izatea.

Barre algara eragiten dit: Anjel Alkainek!
Negargura ez dut urruti:  Bisitatik bueltan, batzuk bidean geratzen direnean.

Urrea: AEKri.
Ikatza: Chiraci, Sarkozyri eta Zapaterori.

"Anttoni, Anttoni, zure atean nago ni…": Ateak ireki zaizkit, eta udako aire zoroak etorri direnetik, bikotekidea dut.
"… ai Antton, ai Antton, ate ondoan hor konpon". Goizeko ordu txikietan, mingaina gehiegi dantzatu eta aukerak zapuztu izan ditut.

Euskal Selekzioa lortzeko nahia maldan gora al doa? Bai. Nahiz eta aldapan behera joan nahi, nahiko eroriko hartua da, jada.
Esait-eko Euskal Selekzioaren aldeko mendi martxa, hasi eta bukatu? Ez naiz mendia asko zapaldua. Ordeka nahiago dut, nahiz eta txirrindulariak maldan gora ikustea gustatu.

Hatzak miazkatzen ditut: Sagardoz lagunduriko txuleta on batekin. 
Gogoko ez dudan jakia: Espinakak. Beraz, Popeye ez dut oso begiko.

Dirua ordainduko nuke: Txuleta on baten truke.
Ez nioke xentimorik emango: Edozer saldu nahian dabilenari.

Amets Arzallusek, BEC-en, datorren Bertso Txapelketako finala Baionan egitea proposatu zuen. Hala bada, han izanen naiz. Aurten, Iparraldean jokaturiko saioetan, laguntzen aritu naiz apur bat.
Baionak, “askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna” soberan edota faltan? Faltan! Udalean, antza, soberan dago, baina kalean faltan dakusat, eta nabarmen, gainera.