Eneko Sagardoy aktore eta zinemagilearen tailerra egingo dute Sormen Olan
Loraldiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak gazteen artean euskal kulturaren transmisioa sustatzeko bost tailer prestatu dituzte Sormen Olaren barruan. Saio trinkoak izaten dira, bost orduko iraupena dutenak, eta 16 eta 29 urte arteko edonork parte har dezake.
Bihar Eneko Sagardoy aktore eta zinemagilearen txanda izango da. Bere esperientziatik abiatutako hausnarketak partekatuko ditu, sormenerako bidearen xehetasunak arakatuz. Sagardoy ETBn eta euskal antzerkigintzan hasi zen aktore lanetan eta filmetan ere parte hartu du, oihartzun nabarmena izan zuen Handia pelikulan esaterako. Betiko gaua film laburraren gidoia idatzi eta zuzendu du.
Biharko saioa 9:30etik 15:00etara izango da, EHUren Bizkaia Aretoan. Ekitaldiak 15€ko prezioa izango du, eta Loraldia egitasmoaren webgunean eskura daiteke sarrera. Lorazainek eta baita EHU/UPVko Bizkaiko Campuseko ikaslek eskaintza berezia izango dute.
Hurrengo saioa apirilaren 20an izango da, Antton Telleriarekin.
