Eneko Burzako (Mobydick): "Introspekzio bidaiak betegarriak dira denontzat"

Eneko Burzako (Mobydick): "Introspekzio bidaiak betegarriak dira denontzat" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eneko-burzako-mobydick-quotintrospekzio-bidaiak-betegarriak-dira-denontzatquot/@@download/image/20128307697movy_1360239129.jpg
2012/09/07
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena
Nun bandan murgilduta zebilela ezagutu genuen 2001ean. Zortzi urte geroago, "talde hartan hasi eta hazi" ondoren, abiatu zuen Mobydick bakarkako egitasmoa. 2011ren azken hondarretan Algortatik Madrilera aldatu zen, eta orain indar guztiak disko berriaren grabazioan ipinita dituela aitortu digu.

Memoria freskatzeko, Nun taldearekin bukatu zenuenen sortu zen Mobydick...
Nun taldearekin 2001ean hasi eta zortzi edo bederatzi urtez aritu nintzen. Aurretik beste banda batzuetan jo banuen ere, beti esango dut honekin hasi eta hazi nintzela. 2009an proiektu hori bertan behera uztea erabaki genuen agortuta zegoelako, baina hala ere, familia baten moduan jarraitu dugu beti. Mobydick Nun taldearen zikloaren azken egunetan azaldu bazen ere, bataren agerpena ez zen bestearen amaieraren ondorioa izan.

Berezko kantak lehenagotik ere bazenituen edo kontu berria izan zen?

Mobydick izena erabiltzen hasi nintzen lehen aldietan, oraindik ere neurona guztiak Nun taldearen konposiziorako gordetzen nituen. Hasieran, denetariko bertsioak jotzen nituen eta, modu batean edo bestean, hori ikasketa prozesuan inportantea dela uste dut. Denborarekin, kanta eta ideia propio batzuk agertzen joan ziren, eta horiei forma ematen saiatu nintzen. Baina klasiko musikal asko bisitatu nituen bidean. Argi dago taberna musikal askotatik edan behar duzula gero zure etxean ardo dezente bat prestatzen saiatzeko. Egia esan, oraindik ere ez dakit nire ardoa Don Simon bat den edo beste gauza bat, baina indarra gordetzen dut, eta oraindik horretan nago sartuta...

Johnny Cashek eta Neil Youngek ez dute zure kontzertuetan hutsik egiten.

Biak zerrenda luze bateko izen nagusiak dira. Tabernetan jotzen hasi nintzenean denetarik jorratzen nuen, bertsio surrealistak eta guzti! Britney Spears-etik hasi eta Kumbiaraino, Dylan, Cash, Wilco, Anari, Nick Cave, 16HorsePower, Su Ta Gar edo Pink Floydetik pasatuta. Nire alde esan behar dut Kumbiarena une horretako publikoaren inposaketa soziala izan zela, baina patxaranak beti laguntzen du, badakizu... Tira, Breatney Spearsen kasuan, erantzukizuna nire gain hartu behar dut –barrez–...

Kepa Aceroren proiektuan parte hartu duzu.

Bai. Kepak luzatu zidan proposamena, nire kanta batzuk interesatzen zitzaizkion, ideia polita iruditu zitzaidan eta proiektuan murgildu nintzen. Egia esan, niretzako ez da lan handia izan, dokumentalerako erabili dituzten kantak aldez aurretik grabatuta baitzeuden. Aukeratu dituzten musika paisaiek ederto bat egiten dute irudiekin. Hala ere, nik surfarekin dudan esperientzia ez da hain ona. Behin aitak taula bat erosi zidan, itsasoan frogatu nuen eta... hurrengo galdera mesedez!

Musikan hobeki moldatuko zinela ikusi zenuen orduan... Tira, Euskal Herrian aditu zaitugu azken aldian, baina Madrilen duzu bizitokia, ezta?

Bai, surfean nuen trebezia ikusita espainiar desertura abiatu nintzen halako Erasmus pertsonal batean murgiltzera. 2011ko uda ondoren etorri nintzen Madrilera, Soinu master bat egiteko. Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi nuen nik, eta prestakuntza potenteago baten bila nenbilen. Soinu ekoizpenaren inguruan gauza asko ikasten nabil. Bestalde, giroz aldatu gura nuen nire buruarekin egoteko. Badakit erredundantzia bat dela baina, batzuetan, kanpotik gauzen perspektiba aldatu egiten da. Barne prozesu garrantzitsua izaten ari da hemen bakarrik egotea. Introspekzio bidaiak betegarriak dira denontzat.

Eta musikalki?

Inguru honetan kontzertu gehiago bilatzen ahaleginduko naiz Madrilgo zirkuituan sartzeak ate asko zabaltzen dituelako eta, agian, soinu produkzioarekin zerikusirik duen proiekturen batean parte hartzen saiatuko naiz. Nire asmoa ez da diskoetxe handirik topatzea, guztiz kontrakoa. Iruditzen zait musikariok jo eta jo egin behar dugula, ahalik eta gehien. Gaur egun Sarea dugu eta lan apur batekin gauza asko egin daitezke. Espero dut etorkizunean honen guztiaren emaitza nolabait ikustea. Denborak emango digu erantzuna –atzamarrak gurutzatuta–.

Hain justu Sarea erabilgarria izan zitzaizun, bertzeak bertze, Amaralek abuztu amaieran Zarautzen eman zuen kontzertuaren hasieran jotzeko.

Zarautzeko lagun baten mezua jaso nuen lehiaketaren informazioarekin, eta parte hartzeko erabakia hartu nuen. Botoak emateko epea zabaldu zen momentutik jaso nuen jendearen babesa eta eskerrak ematea bakarrik geratzen zait!

Aurrerantzean baduzu estudioan sartzeko asmorik?

Ordu asko eman ditut kanta berrien inguruan armoniak bilatzen, ahots ezberdinak frogatzen, etab. Demo bat grabatu dut etxean, kanta berrien instrumentazio eta konponketekin. Madrilen egiten ari naizen Soinu masterreko irakasle batek interesa du proiektuan. Bere garaian mainstream munduan aritu zen ekoizle bat da, baina kontu independenteetan sartzea ere gustuko du. Espero dut faktore horiekin guztiekin emaitza egokia lortzea.