Eneko Bidegainen 'Bichta Éder' eleberriak irabazi du 111 Akademiaren Saria

Eneko Bidegainen 'Bichta Éder' eleberriak irabazi du 111 Akademiaren Saria Karmele Jaioren Maitasun kapitala izan du lehiakide. Ekainean egingo den ekitaldian emango diote saria Bidegaini. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eneko-bidegainen-bichta-eder-eleberriak-irabazi-du-111-akademiaren-saria/@@download/image/EnekoBidegain111.jpg
2024/05/02
Karmele Jaioren Maitasun kapitala izan du lehiakide. Ekainean egingo den ekitaldian emango diote saria Bidegaini.
Eneko Bidegainen 'Bichta Éder' eleberriak irabazi du 111 Akademiaren Saria

111 Akademiak Eneko Bidegaini (Baiona, 1975) emango dio 111 Akademiaren Saria. Izan ere, akademiakideek Bidegainen Bichta éder eleberria izendatu dute 2023ko libururik gogokoena. Jendaurreko sari-emate ekitaldia ekainean egingo dutela iragarri dute.

Eneko Bidegainen liburuan Eñaut Oihenart da protagonista, Euskal Herritik urrun ibili ostean, Gaur kazetan lanean ari dena. Xalbat Barnetxe laborari eta militanteak ohartarazi du, isilpean, euskal kostako jauregi abandonatu batean badela asmo ezkuturen bat, eta Eñaut ikertzen hasiko da zer ote den eraikitzaile-promotoreak eta tokiko agintariak lotzen dituen negozio ilun hori.

Thriller politikoa da eta hainbat hari lotzen ditu bertan Bidegainek: Frantziako Iraultza, II. Mundu Gerra eta Aljeriaren  independentziakoa, handikien familia baten gainbehera eta Lapurdiko euskaldunen ezinbizia, itxurakeriaren zama, harreman sentimentalen zaila, militantziaren eredu erritualizatuak, kazetaritzaren morrontzak eta euskararen patua.

218 akademiakide ditu 111 Akademiak, eta horietako 123k parte hartu dute iazko sariduna izendatzeko urtarrila eta apirila bitartean egindako hiru bozketa txandetan. Bidegainen lanak Karmele Jaioren Maitasun kapitala eleberria izan du lehiakide azken bueltan. 111 Akademiak jakinarazi duenez, "bi lanen arteko lehia oso estua izan da azken unera arte".

Bozketak kiru fase izan ditu, eta hasieran zazpi liburu izan ziren hautaketan, Bidegainen Bichta éder eta Jaioren Maitasun kapitala liburuez gain, Juan Kruz Igerabideren Ura saltoka, Castillo Suarezen Alaska, Oihane Amantegiren Cayo Hueso, Josebe Blancoren Hausnarrean eta Miren Agur Meaberen Itzulerak ere aukeratu zituzten. Bozketa faseak igaro ahala, Jaioren eta Bidegainen lanek lortu zuten finalera igarotzea.