Endorfinak, zoriontasunaren droga

Endorfinak, zoriontasunaren droga https://www.gaztezulo.eus/albisteak/endorfinak-zoriontasunaren-droga/@@download/image/73p50_1365091579.jpg
2007/04/06
erreportajea
Nerea Lizarralde
Endorfinak, zoriontasunaren droga
Maitemintzen garenean, sudur-puntan jartzen zaiguna egiten dugunean, tabu inozoak alde batera uzten ditugunean, arriskatzen garenean, gure abeslari gogokoenak bezala abesten dugula irudikatzen dugunean… .Momentu horietan guztietan txora-txora eginda egoten gara. Euforiak jota. Zergatik? Endorfina korronte bat sentitzen ari garelako.

Zer dira endorfinak? Plazerrarekin zerikusia duten substantziak dira. Mina gutxitzen eta depresioari eta estresari aurre egiten laguntzen dute, besteak beste. Garunaren morfina naturala dira endorfinak, beraz. Hau da, substantzia horrek gure gogo aldartea determinatzen du, eta mina sentitzen dugun bakoitzean gure organismoak endorfinak sortzen ditu, mina desager dadin. Zenbat eta endorfina gehiago, orduan eta hobeto.

Batzuetan, energiaz beterik esnatzen gara; ez dakigu zergatik, baina zoriontsu sentitzen gara. Sentsazio hori berehala pasatzen da; agian, minutu gutxi batzuen ondoren. Endorfinek dute errua. Batzuei musika entzun edo poesia irakurtzen dutenean gertatzen zaie; beste batzuei, gidatzen ari direla eta azeleratu egin behar dutenean; zenbaiti, marka bat gainditu edo helburu bat lortzen dutenean…

Primerako botika naturala

Ikerlari askok diotenez, sistema immunologikoa sendo mantentzea funtsezkoa da pertsonentzat. Endorfinek zerikusi handia dute immunitatearen osasunarekin. Gaixo terminalek bizitzaz gozatzea erabakitzen dutenean, luzaroago bizi dira. Izan ere, antsietateak sufrimendua areagotzea besterik ez du eragiten.

Heroinazaleek, esaterako, endorfinak sortzeko eta haien ondorio mesedegarriak sentitzeko gaitasuna galtzen dute; minari eta estresari aurre egiteko mekanismoa suntsitzen dute. Horregatik, hasieran, heroina plazerra edo zoriontasuna bilatzeko erabiltzen dute arren, azkenean ez sufritzeko eta mina arintzeko hartzen dute, endorfinek ezin baitute haien eginkizuna bete.

Eta zer egin daiteke endorfinak sortzeko? Barre egin, adibidez. Barrea analgesikorik indartsuenetarikoa dugu: bospasei minututan barre egitea nahikoa da garunak endorfinak sor ditzan. Horregatik, ospitale askotan, irri-terapia aplikatzen hasi dira. Garbi dago denek barre apur bat egiteko ahalegina egin beharko genukeela egunero. Barreak estresa suntsitu eta botila erdi beteta —eta ez erdi hutsik— ikusten laguntzen du-eta. Gainera, irri egitea geure burua lasaitzeko, eta sentitzeko eta maitatzeko ahalmena zabaltzeko bide onena da.

Endorfinak eta plazebo efektua

Mediku batek, esperimentu txiki bat egin zuen haginetako mina zuten gaixoekin. Hasieran, plazeboa eman zien, eta besterik gabe, joan egin zitzaien mina. Ondoren, plazeboa berriro eman baino lehen, naxolona eman zien —morfinaren ohiko antagonista—, eta gaixoek mina sentitu zuten berriro. Beraz, medikuak agerian utzi zuen plazebo efektua ez zela soilik psikologikoa; aitzitik, gaixoen burmuinek morfinaren ezaugarri bereko substantziaren bat sortzen zutela, plazeboa benetako sendagaia zelakoan. Horrek esan nahi du garrantzi handia duela gaixoak sendagaian eta medikuarengan duen konfiantzak. Minbiziak jota dauden gaixoen %35ak plazeboekin arintzen du mina.  

Estresa

Kobazuloetan bizi ginenean, elikagaiak eta sua lortu beharrak eta piztien aurka egiteak estresatzen gintuen. Gaur egun, ordea, estresaren jatorria psikologikoa da: langabezian egotea, senideren baten heriotza, hipoteka… Nork bere erara, estres fisikoa eta psikologikoa izaten du.

Egoera berrietara moldatzeko gaitasuna izatea da garrantzitsuena. Ez diogu estresari aurre egin behar, eta are gutxiago, sendagaiekin; estresa konpentsatzen saiatuko gara, endorfinak ordura arte bezala sortzen jarraitzeko. Pozik egoteko. Zoriontsu egoteko. Nola lortuko dugu? Gorputzeko tentsioak askatzen lagunduko diguten ariketen bidez. Eguneroko presak eta kezkek ez dute horretan laguntzen. Dena dela, triste samar sentitzen garenean, momentu onez oroitzea komeni da, esaterako; gure organismoak endorfina korronteak sortu zituen momentuez. Lagunekin barrez lehertzear egon ginen egun hartaz, esaterako.

Gaur egun, estres izugarria izan ohi dugu. Eta gure arbasoek baino endorfina gehiago behar ditugu. Horregatik, gizakiak plazer naturalak ordezkatzeko gauza gehiago behar ditu: telebista, tabakoa, alkohola… Eta oporrak ere behar ditugu. Zein da irtenbide onena? Arestian esan bezala, estresarekin ez itsutzea eta negatibitatea uxatzeko teknikak bilatzea: kirola, meditazioa (Tai-Xia, Yoga…), dantza, zaletasunen bat, masajeak…...

Aholkuak


-Bizitzan gauzak diren bezala ikustea, eta ez guk nahi genukeen bezala.
-Erretzea estresantea da. Footinga, squasha eta antzeko kirolak oso gomendagarriak dira erretzeari uzteko, eta baita masajeak ere. Hasieran sumatuko dugun endorfina falta betetzen lagunduko digute.
-Kirola beharrezkoa da.
-Erlaxatzen jakin behar duzu. Aurki ezazu zeure teknika: musika, meditazioa, paseoak…
-Ausartak izan behar dugu, borrokalariak. Arazoei aurre egiten ikasi behar dugu, samindu gabe.