Eñaut Zubikarai: "“Futbola talde kirola da eta berekoikeriak ez du tokirik”"

Eñaut Zubikarai: "“Futbola talde kirola da eta berekoikeriak ez du tokirik”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/enaut-zubikarai-quotfutbola-talde-kirola-da-eta-berekoikeriak-ez-du-tokirikquot/@@download/image/2010559825enaut_1362426079.jpg
2010/05/07
elkarrizketa
Testua: Raul Perez.
Eñaut Zubikarai: "“Futbola talde kirola da eta berekoikeriak ez du tokirik”"
Zazpi partida. Hilabete eta erdi. Hori da falta dena futbol denboraldia bukatzeko eta, gauzak ondo, reala lehen mailara itzultzeko. Eñaut zubikarai atezain ondarrutarrak aukera du datorren denboraldian talde txuri-urdinaren atearen zaintzaile izateko. Orain arte gutxi jokatu du, baina Anoetako zaleen kuttunetako bat da jada.

Goi mailako hiru atezain ditu Realak: Bravo, Riesgo eta Zubikarai. Claudio Bravok jokatu ditu partida gehienak denboraldi honetan, baina txiletarrak taldea utziko du ziurrenik denboraldi bukaeran. Asier Riesgok jarraituko duen ez dago batere garbi. Hori horrela, Zubikaraik aukera badu talde txuri-urdineko atezaina izateko datozen denboraldietan. Ondo bidean, Lehen Mailan.

Ondarrutarrak, beharbada orain arteko ezustekoengatik, zuhurtziaz hitz egiten du. Aurrelari batzuk bezain zitala izan da patua Zubikarairekin. Hirutan egon behar izan du denbora luzez jokatu gabe sorbalda bere lekutik atera eta gero. Duela hilabete inguru Claudio Bravok min hartuta, Martin Lasarte entrenatzaileak hari eman zion atea zaintzeko ardura. Baita besarkada hunkigarria eman ere, Herculesen kontrako partidan atea hutsean mantendu eta gero. Hurrengo partidan, Huelvan, geldiketa bikainak egin zituen, baina azken minutuan txartel gorria atera zion epaileak. Segundo batean, dena hankaz gora. Partida bateko zigorra jarri zioten Zubikarairi, eta Riesgo jarri du azken partidetan entrenatzaileak hasierako hamaikakoan. Batek daki, beharbada, denboraldia bukatu aurretik aukera izan lezake berriz ere atepean egiteko  26 urteko mutil garaiaren hitzetan ez da berekoikeria arrastorik nabaritzen. Ondo asko barneratua du futbola talde kirola dela. Eta ondo asko du barneratuta ere nongoa den: ondarrutar peto-petoa. Realera etorri zenean, jaioterria utzi behar izan zuen. Donostia eta ingurumarietan bizi eta gero, jaioterria itzuli da. Amarekin bizi da eta laster beste etxe batera aldatuko da. Bere koadrilarekin, bere herrian, area txikian bezain eroso ikusten du bere burua.

Lehen Mailara itzultzeko bidea luze egiten ari zaizue gero...
Bai, hala da. Azken txanpan puntu gutxiren tartean talde asko daude. Urtea oso ondo joan da, baina azken txanpan irabaztera derrigortuta gaude eta hori oso zaila da.

Ondarroako Aurrera taldean hasi zinen futbolean. Segitzen al duzu zure herriko taldea? Nola doa?

Jarraitzen dut, bai. Preferente mailan dago eta koadrilako jendeak jokatzen du. Ondo doa, baina duela aste batzuk lehen postuan dagoenaren pare jartzeko aukera ezin izan zuen aprobetxatu. Hala ere, oraindik badu aukera lider doana harrapatzeko.

Nola hartu zenuen lur Zubietan, Realean?

Ondarroan jokatzen nuen, eta Aste Santuan Realak gazteentzat antolatzen duen txapelketan parte hartu nuen 16 urterekin, duela hamar bat urte. Ni jokatzen ikusi eta gero galdetu zidaten ea prest nengoen Realera etortzeko, eta baiezkoa eman nuen. Ikasle egoitza batean bizitzen hasi nintzen, eta ordutik Donostian edo inguruan bizi izan naiz, harik eta aurten Ondarroara itzuli naizen arte.

Zu Realeko harrobian zeundela, talde txuri-urdina txapeldun izateko zorian izan zen 2002/2003 denboraldian, eta Txapeldunen Liga jokatu zuen hurrengoan. Hori bai gozamena!

Bai, gogoratzen dut Juventus eta Olympique Lyonnaisen kontrako partidak ikusi nituela Anoetan. Une gozagarriak izan ziren horiek, jaitsi ginen urtearekin eta ondorengo biekin konparatzen baditugu.

Tira, garai oparoak irits daitezke luze jo gabe. Imajinatzen al duzu zeure burua Messi edo Cristiano Ronaldo bezalako marrazoen aurrean?

Gure helburua igotzea da eta horrekin gabiltza buru-belarri, eguneroko martxan. Oraingoz ez dut gauza irrealetan pentsatu nahi.

Bizkaitarra izanik, Atheticen kontra jokatzea ere berezia izango al litzateke zuretzat?

Beharbada, ume koskorra nintzela izango nintzen Athleticzalea, baina beti egon naiz Realarengandik gertuago Athleticengandik baino gehiago; ama amezketarra dut, eta aita ere realzalea da.

Atezaina eta bakardadea elkarren lagunak direla esan ohi da. Atezaina bakar-bakarrik egoten dela une askotan, taldekideak erasoan ari diren bitartean, esate baterako. Bakardade sentsazio hori are handiagoa izango zen debutaren egunean, Zaragozaren kontra 2008ko irailaren 3an, ezta?

Neure burua ez dut inoiz bakarrik ikusi. Xabi Manzisidorrek [zenbait urtez Realeko atezainak trebatu eta gero, sanjuandarra Real Madrilek fitxatu zuen joan den udaran; tankera horretako aitabitxia izatea ez da gutxi] asko lagundu zidan; bere apustua izan zen ni lehen taldera igotzea eta lehen partida jokatu nuenerako guztiz prest nengoen. Jokatzen hasi nintzenean ere Xabi aulkian zegoen, eta pare bat keinurekin moldatzen ginen. Berarekin harremana mantentzen dut.

Aulkitik partida asko ikusi behar izan dituzu. Zer moduz ikusten dira bertatik golak eta partidetako gainerako gorabeherak?

Urduriago egoten naiz aulkian, distantziagatik edo; tentsioa handiagoa izaten da. Zelaian lasaiago egoten naiz; barruan ikusten dut nire burua, egoera kontrolpean dagoela sentitzen dut.

Hain justu, aulkitik ikusi zenuen duela bi urte igoerak hatz artean nola ihes egiten zuen Gasteizen, Alavesen kontrako partidan. Hiru urte hauetako une txarrenetan txarrena jasan zenuten Mendizorrotzan.

Kolpe gogorra izan zen. Lehen Mailatik jaitsi ginen urtean, Santanderreko Racingeko atezainak Saviori penaltia gelditu zion unea tristeena izan zen, nahiz eta denboraldi osoa txarra izan. Eta Mendizorrotzakoa ere giltzarri izan zen. Partida erabakita uzteko aukera izan, eta handik minutu gutxira partida galdu. Partida mingarriena izan zen hura, bai.

Hiru atezain on ditu Realak eta bakarrak joka dezake. Erraza al da zuen artean ondo konpontzea, kontuan izanda batak besteei atea ixten diela?
Pikeak beti daude, baina horiek ezin dute errespetu falta izatera pasatu. Zenbat eta emaitza hobeak izan, orduan eta hobe guztiontzat. Zeure interesetan sartzen bazara, guztia galtzeko daukazu. Berekoikeriak ez du tokirik.

Realzaleek maite zaituztela sumatzen al duzu?

Ez dakit zergatik den, ideiarik ez; baina bai, oso-oso pozik sentiarazten naute zaleek. Eskertzea besterik ez daukat.

Azkenean ezustekorik ez bada eta Lehen Mailara itzuliz gero, hori nola ospatu pentsatu al duzu dagoeneko?

Egunerokoan bizi naiz. Galdera hau hamaika bider egin didate eta berdin erantzuten dut beti. Errealitate bakarra hurrengo partida da.

[Futbolari eta Realaren ibilbideari buruzko galderei, ikasle finak ahozko azterketa batean nola, hala erantzun die Zubikaraik, oso eroso. Baina arriskatu gabe. Galdera pertsonalagoetara etorrita, bere burua askatu du, nolabait esateko. Bere burua zorioneko ikusten du, baina batzuetan gertukoekin aisialdia ezin partekatzeak amorratzen du. Are gehiago askatu da euskal selekzioari buruz galdetzean. Serio mintzatu da, luze eta zabal. Gaiak axola dio. Aitari buruz ere galdetu egin diogu, preso baitago aspaldi, baina elkarrizketetan gai hori ez ukitzea nahiago duela esan digu.]

"Behin gora iritsita, ezin zara inor baino gehiago sentitu. Azken finean zu zara". Zuk esana da.

Nik bizitza normala egiten jarraitzen dut. Ondarroan ahalik eta denbora gehien pasatzen dut, han ditudalako betiko lagunak eta familia. Herrizalea izan naiz beti. Ondarroak ez dauka misteriorik, baina gustura sentitzen naiz bertan.

Koadrila Anoetara joaten omen da partida guztietara. Sikiera gasolina ordainduko diezu... Partidaren errepasoa egiten al dizute ondoren. Alegia, matraka ematen al dizute?

Ez diet gasolina ordaintzen, baina sarrerak nire kontu! Egia esan, lagunekin bai egiten dut berba futbolari buruz. Baina, bestela, herrikoek-eta ez naute batere gogaitzen, nahiz eta galdera batzuk egin.

Haur askoren ametsa futbolari izatea da. Zuk ere  futbolari izan nahi zenuen, ala beste zerbait?

Txikitan ez nuen aparteko ametsik. Dantzan hasi nintzen, eta ondoren esku pilotan ibili nintzen, eta baita karatean ere! Ez nuen garbi zer egin nahi nuen. Futbolean pixka bat berandu hasi nintzen, hamar edo hamaika urterekin.

Zuk UEFA, FIFA eta tankera horretako inizialak izan ditzakezu ahotan. Beste batzuek, ordea, buruan dituzten bakarrak INEM dira, Espainiako Enplegu Institutuarenak alegia. Ondarroan 500dik gora langabe daude. Zer traza hartzen diozu egoerari?

Bai, herrian ere igartzen da krisia. Bizi kalitatea, batez ere gazteena, ez da ona. Nik zortea izan dut, baina egunerokotasunean ikusten ari naiz krisia: batzuk EREn, beste batzuek kontratu eskasak, kontratu mugagabeekin ere kalera bota zaitzakete… Ni ez naiz konparazio egin zalea, baina bolada bat jokatu gabe pasatuz gero, neure buruari esaten diot: 'Hi, trankil egon, pribilegiatua haiz eta'. Egoera negatiboak positibo bihurtzea da kontua.

Eliteko kirolariek ezin duzue beste gazte askoren erritmoa jarraitu. Hein batean, gaztetasunari uko egin behar al diozue?

Ez dut pentsatzen gaztetasuna galtzen ari naizenik, batez ere ekonomikoki futbolariok bizitza ona dugulako, baina… lagunak Pirinioetara hiru egunez joaten direnean, zu hemen; neska laguna beste nonbait bizi bada, ezin harekin joan; familiarengana Amezkarata ezin joan… Futbolak gauza batzuk ematen dizkizu eta beste batzuk kendu. Dena dela, ez nuke nire bizitza beste batengatik aldatuko, futbola izan delako beti neure borroka.

Txoritxo batek esan digu kontzertuetara joatea asko gustatzen zaizula.

Bai, pila bat. Euskal Herriko taldeak, eta baita kanpokoak ere gustatzen zaizkit. Hala ere, pixka bat atzean geratu naiz, nolabait esateko, pista galdu diet. Azken kontzertuarekin ez naiz akordatzen, baina Ondarroako kafe antzokian egiten dituztenetara edo Mallabiakoetara joaten naiz tarteka. Leihotikan eta Zea Mays taldeak ikusi nituen duela denbora gutxi. Ekainean, Rage Against the Machinek joko du Madrilgo Rock In Rion, baina sasoi horretan oporretan noa kanpora eta kontzertura ezin izango naiz joan. Ezin dena lortu! Rancid taldea ere atsegin dut, baina bira gehienak Ingalaterran barrena egiten dituzte.

Euskal selekzioarekin jokatzeko aukerarik ez duzu izan oraindik. Bi urte luze dira bertako selekzioak azken partida jokatu zuenetik. Nola ikusten duzu jokalarien eta agintarien arteko auzia?

Nahiko argi dut. Euskadi ala Euskal Herria? Niri hori bost. Konpromiso batzuk hartu zituen federazioak eta gero atzera egin zuten. Nire ustez, behin konpromisoak hartuta ez dago atzera egiterik. Futbolariek hartutako jarrerarekin bat nator; honek eboluzioa izan behar du denboran, eta nire buruan ez da atzera pausorik sartzen. Gutxika gutxika aurrerapausoak eman behar dira, dela Kataluniako futbol federazioarekin dela Eskoziakoarekin, FIFArekin... Urtero partida bat jokatzearekin ez dugu ezer konpontzen, 20 urte barru berdin egongo ginatekeelako. Nik badaukat honek aurrera egingo duenaren esperantzarik.

Eñauten kuttunak:



Diskoa: Ezin bakarra aukeratu, baina Rancid taldea asko gustatzen zait.
Janaria: Haragia.
Atezaina: Edwing Van der Saar.
Futbol zelai bat: Santiago Bernabeu.
Ondarroako txokoa: Anaitasuna, Mamu eta Kulixka tabernak.
Gipuzkoa bazterra: Donostiako Antigua auzoa eta Parte Zaharra.