Eñaut Castagneten 'Muga' film laburrak irabazi du Lekeitioko Euskal Zine Bilera

Euskal Zine Bilerako Sail Ofizialeko Lehiaketara hogei film labur zeuden sailkatuta, eta Getari Etxegarai, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijok osatutako epaimahaiak Eñaut Castagneten Muga izendatu du irabazle, film onenaren saria emanda. Immigrazioa, maila soziala eta lan esplotazioa jorratzen ditu lanak, eta pelikularen "tentsio jarraia, eta kameraren eta musikaren erabilera bikaina" nabarmendu dute epaileek. 45. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria jaso du Castagnetek.
Zuzendaritza onenaren saria, Aitzol Saratxagaren Lanbroa-rentzat izan da, "baliabide narratiboak ikus-entzunezko lengoaiaren bitartez adierazi eta genero fantastikoaren kodeak modu paregabean erabiltzen dituelako". Zilarrezko Antzarra eta 1.600 euro eskuratu ditu. Gidoi onenaren saria, berriz, Raul Barrerasen Arnasa lanarentzat izan da. Epaileen iritziz, "xamurra eta hunkigarria da, narratiboki era borobilean egina, eta errespetuzko mezua adierazten duena". Honek ere 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra jaso ditu. Barrerasek lortu du ikusleek astean zehar emandako botoen bidez erabakitako EITB Ikusleen saria ere. Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria ere eskuratu du beraz.
Nagore Murielen Erro bi lanarentzat izan da Gazte22 saria, bera izan baita aurrera-aukeraketa gainditu duen 22 urte edo gutxiago dituen egile bakarra. Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria jaso du Murielek. Azkenik, epaimahaiak Leire Egañaren Erlojupekoa lanari aipamen berezia egin dio.
Bestalde, Euskal Zinemaren Begiradaren bidez, Ramon Agirre Lasarte euskal aktorea omendu dute, "1983. urteaz geroztik euskal zinema, antzerki eta telebistan egindako ezinbesteko ekarpena" balioesteko.