Emmy Rossum: New Yorkeko urretxindorra

Emmy Rossum: New Yorkeko urretxindorra https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Emmy Rossum: New Yorkeko urretxindorra
Abeslari ospetsu izatearekin egin zuen amets urte luzez Emmy Rossum gazteak. Bankaria du aita, eta horrek, bidea erraztu zion operaren munduan. Baina, dirua ez ezik, ahots polita ere badu neskatoak. Hala, bost urte egin zituen Emmy Rossum txikiak New Yorkeko Operako haur abesbatzan. Sasoi hartan, Luciano Pavarotti, Placido Domingo eta beste hamaika bakarlari handiekin abesteko parada izan zuen. Lehia, baina, krudela zen oso. Eta, bukaeran, etsi egin zuen. New Yorkeko Operan ez zuen-eta kantari ibilbidean lagunduko zuen mamurik aurkitzerik izan.    Amets uhinak errealitatearen erreka uherretan ito zitzaizkionean, zinemaren distirak liluratu zuen Emmy Rossum gaztetxoa. Ez zen berehalakoan hasi zineman, ostera. Telebistan eman zituen lehen urratsak. Hortaz, "Only Love", "A Will of Their Own" eta "Genius"  telesailetan hartu zuen parte nerabezaroan. Maggie Greenwald zinemagileak eskaini zion zineman lan egiteko lehen aukera "Songcatcher" finean. Bertan, eskoziar baladak samurtasun handiz abesten zituen menditar xalo baten rola jokatu zuen. Erdietsitako arrakastari esker, zineman lan egiten jarraitzeko proposamen ugari jaso zuen Emmy Rossumek. Dolly Parton kantari entzutetsuak ere garai hartan kaleratzear zuen diskoan kantatzeko eskaintza egin zion neskatoari.
Azken urteotan, besteak beste, "It Had to Be You", "An American Rapsody" eta "Happy Now" pelikuletan parte hartu du. Baina Clint Eastwood zinemagilearen "Mystic River" maisulana izan da, ezbairik gabe, Hollywoodeko ateak ireki dizkion filma. Sean Penn-en alaba kutunaren rolak, zehatz-mehatz esateko. "The Day After Tomorrow" eta "The Phantom of the Opera" dira errodatu dituen azken filmak. "The Phantom of the Opera" musikalean protagonista bakarra da Emmy Rossum. Eta, bertan, gainera, kanta guztiak abesteko aukera izan du. Lan horrexegatik laudorio anitz jaso ditu New Yorkeko urretxindorrak. Emmyk, ordea, oinak lurrean ditu. Pega-pega. Columbiako Unibertsitatean filosofia eta literatura ikasten ari da. Eta, noski, ondo baino hobeto ezagutzen du esne-saltzailearen ipuina.
Nortasun agiria:
Izena: Emmanuelle Grey Rossum
Jaioteguna: 1986-IX-12
Jaiolekua: New York (AEB)
Mutil-laguna: Ez du.
Musikari gogokoenak: Sarah McLachlan eta Jewel
Film maiteena: "Secrets and Lies" (Mike Leigh)
Telesail atseginena: "Ally McBeal"
Aktore kutunenak: Phillip Seymour Hoffman eta Julia Roberts
Bizio bat: Opera
Zaletasunak: Baleta, sukaldaritza eta gurutzegramak egitea
Maskota: Chrissie txakurtxoa
Maite du: Lagunekin irtetea
Gorroto du: Jelosia