Emmanuelle Béart: Etorkinen printzesa

Emmanuelle Béart: Etorkinen printzesa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Emmanuelle Béart: Etorkinen printzesa
Guy Béart abeslari eta olerkari ezagunaren alabarik kuttunena da Emmanuelle Béart. Saint Tropez ukandunean jaio zen arren, Gassin herrixka atsegineko baserririk isolatuenean igaro zuen haurtzaroa. Aitak Parisko glamour karkailetik urrun mantendu nahi baitzuen Emmanuelle ttipia. Romy Schneider "Mado" filmean ikusi eta gero, aktore izan nahi zuela erabaki zuen. Gurasoek, ordea, Montreal-era bidali zuten ingelesa ikastera. Hantxe, Robert Altman maisuak -neskatoaren edertasun nerabeak liluratuta- bere hurrengo filmean parte hartzeko proposamena egin zion Emmanuelle xaloari. Proiektu hura, tamalez, ez zen inoiz gauzatu.
Frantziara itzuli zenean, arte dramatikoko ikasketei ekin zien buru-belarri. Lasterrera, David Hamilton britainiarrak rol esanguratsu bat eskaini zion "Premiers Désirs" filmean. Benetako ospea eman zion filma, ordea, "Manon des sources" izan zen. Fama ezezik, César saria ere bereganatu zuen Claude Berri zinemagilearen film hunkigarri hartan egindako lan apartari esker. Orduz geroztik, Frantziako zinema sortzailerik iradokitzaileenen musa bilakatu da Emmanuelle Béart. Hala, "La belle noiseuse", "Un coeur en hiver", "L'Enfer eta Nelly & Monsieur Arnaud" finetan intentsitate handiz egin du distira. Dena dela, Frantzian izar handia den arren, arrotz samarra da oraindik munduan barna. "Mission: Impossible" arrakastatsuan Tom Cruiseren bihotza kaiolatzen zuen femme fatal hotza interpretatzeagatik baita ezaguna, batik-bat.
Zeluloidezko maitale izatetik bere benetako maitasun izatera igaro zen Daniel Auteuil aktore paregabea, supitoki. Zineman ez bezala, eguneroko bizitzan maitasunak iraungitze-data du, ordea. Eta, egun, Nelly alabatxoa da Emmanuelle erakargarriari pasio kixkali hartatik geratzen zaion oroitzapen bakarra. David Moreau da orain bere bihotzaren jabe. Johan semetxoa, berriz, euren maitasun-harremanaren fruitu.
Dior kosmetika-etxearen aurpegia izan zen Emmanuelle Béart etorkinen printzesa bihurtu aurretik. Paperik gabekoen aldeko borrokalariaren papera izan da, hain justu, bere bizitzako paperik onena. Legez kanpoko etorkinen eskubideen alde protesta egitegatik izan baitzen atxilotua duela lau urte. Izarra bada ere, lurrari sakon itsatsita baitu bihotza Emmanuellek. Diotenez, etorkinen negu-gorria noizbait udaberri bilakatuko dela amets egiteko soil-soilik so egiten du zerura printzesa gorriak.