'eMcumeak' proiektua aukeratu dute Juana Bizkarra egonaldi artistikoaren hirugarren edizioan

Juana Bizkarra Egonaldi Artistikoaren hirugarren edizioko epaimahaiak eMcumeak proiektua hautatu du ekimenaren hirugarren edizioan. Zelako Kultur Ideiak-en euskarazko antzezlan honek euskal emakume sortzaileen errealitatea erakustea du helburu eta, horretarako, umorea, hitz-jokoen erabilera eta diziplina artistiko anitzak erabiliko dituzte.
Euskal emakumeen sorkuntzaren errealitatea eszenatokian erakutsi eta, aldi berean, kulturaren sektorean indarrean dagoen androzentrismoa jarriko dute agerian. Kritikari eta eztabaidari ateak irekitzea da asmoa eta emakumeek sortutako euskal ondare eszeniko eta kulturala transmititzen laguntzea. Umore absurdoa baliatuko dute horretarako, eta hainbat diziplina uztartuko dituzte: antzerkia, musika, bertsoak eta ikus-entzunezkoak.
Emakume sortzaileak kontratatzeko agentzia bat uztea erabakitzen duten bi emakumeren istorioa kontatzen du antzezlanak, enpresa hori emakumeen sorkuntzaren bultzadaz baino, etekin ekonomikoez kezkatuago dagoela eta. Hori dela eta, protagonistek bere agentzia sortuko dute, baina lehengo enpresatik jasotzen duten jazarpena dela eta, bi emakume ekintzaileek komunikatu bat zabaltzea erabakiko dute, egoera salatzeko, eta, aldi berean, sortzaile berriak aurkitzeko casting bat abiatuko dute. Beste agentziak era guztietako amarruak erabiliko ditu proiektua deusezteko: detektibe pribatu bat kontratatu eta castingean sator bat infiltratuko dute, ekimena zapuzteko trapu zikinak aurkitzeko asmotan.
Olatz Beobide da zuzendari artistikoa eta Maria Rivero eta Itxaso Paya aktoreak izango dira antzezleak. Harkaitz Cano eta Katixa Agirrek ere parte hartu dute sortze prozesuan.
Irailaren 1etik urriaren 4ra egingo dute proiektua abian jartzeko egonaldia, Muxikebarri zentroan. Irailaren 30ean eta urriaren 1ean erakutsiko zaio publikoari eta, irailaren 29an, jendaurreko entsegua izango da. Emanaldi guztiak 19:00etan izango dira. Saio guztietarako gonbidapenak Muxikebarrin zein Romo Kultur Etxean jasoko dira irailaren 4tik aurrera. Obraren antzezpenaz gain, bitartekaritza-ekimenak ere egingo dira, artistak herritarrekin eta tokiko kolektiboekin elkartzeko.
Getxoko Kultur Etxeko teknikariek, Matxalen De Pedro aktore eta irakasleak eta Olatz Gorrotxategi antzerkigile eta antzerki zuzendariak hautatutako proposamenak 10.500 euroko diru-zuzkidura jasoko du.