Emaztea nola hil

Emaztea nola hil https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emaztea-nola-hil/@@download/image/201221655wilt_a_1360830418.jpg
2012/02/03
erreportajea
Testua: Maialen Goñi
Emaztea nola hil
Komediaren eta ankerkeriaren artean dago 'Wilt. Panpina puzgarriaren hilketa' antzezlana. datozen hilabeteetan ikusgai izango da. 

Ados Teatrok urtarrilaren 15ean estreinatu zuen lana Errenteria Hiria kulturgunean, eta datozen hilabeteetan batetik bestera ibiliko dira Euskal Herriko antzokietan. Euskaraz egin dute lehen emanaldia, hizkuntzaren aldeko apustu garbia eginda; orain, dena den, gazteleraz ere aurkeztuko dute. Errealitatearen eta fikzioaren arteko mugan, jendea dibertitzeko helburua du antzezlanak, ikusleen artean hausnarketaren bat edo beste ere eraginez. Izan ere, ezin jakin daiteke gauza absurdoetatik noraino hel gaitezkeen.

Herny Wilt da taula gaineko istorioaren protagonista, itxaropena galdu duen gizona. Eva emaztearekin ez da zoriontsu, eta egunero, txakurra paseatu bitartean, hura hiltzeko eta gorpua desagerrarazteko moduak bilatzen ditu. Egun batean, Eva bidaia bat egitera joango da, eta horrek pentsatutako plana martxan jartzeko aukera emango dio Wilti. Panpina puzgarri bat erabiliko du emaztea bailitzan, berau desagerrarazteko moduak entseatzeko. Baina, lekuko batzuek ikusi eta benetako emakumea dela sinetsita, poliziari abisua emango diote. Hala, Wilt atxilotuko dute, bidaian dagoen emaztea hiltzea leporatuta, eta ezingo du bere errugabetasuna frogatu.

Istorioaz gain, antzezlanak badu beste ezaugarri erakargarri bat: euskal aktore ezagunak, hain zuzen. Mikel Laskurain, Miren Gojenola, Aitziber Garmendia, Isidoro Fernandez, Koldo Losada eta Fernando Ruiz aurpegi ohikoak ditugu Euskal Telebistako saioetan. Haietako bakoitzak, gainera, bere euskalkia, bere ohiko hizkera erabiliko du, testuari arintasuna eta azkartasuna emateko. Egoera surrealisten aurrean, are eta modu txoroagoan erantzungo dute pertsonaiek, eta kutsu ironikoz landuko dituzte familia, homosexualitatea, polizia, modak, eskuineko pertsonak, ezkertiarrak, komuneko garbiketa, eta beste mila kontu. Maiatza bitartean Euskal Herriko aretoetan izango da ikusgai.

Garbi Losada: “Batzuetan, gezurra esatea besterik ez dago sines zaitzaten”



Halaxe aurkeztu du "Wilt. Panpina puzgarriaren hilketa" Garbi Losada zuzendari algortarrak. Gidoigile, aktoresa eta zuzendaria emakume saritua da antzerkimunduan, baina telebistan eta zineman ere aritu da. Unibertsitatean egin zuen arte eszenikoen mundurako lehen sarraldia, eta geroztik, ezin izan du ikuskizunaren zirrara albo batera utzi. “Istorioak kontatzea” maite duela aitortu digu.

Nola deskribatuko zenuko Wilt antzezlana, labur labur?
Wilt korapilo komedia bat da, eta zineman bezala, eszena azkarrak ditu. Oinarri nagusia polizi galdeketa bat da, eta denboran atzera eta aurrera egiten dira saltoak, gertaerak kontatzeko. Taularatzea, gainera, komiki baten modukoa da.

Zure iritziz, zein da obraren gakoa, alderik erakargarriena?
Testua, dudarik gabe, eta aktoreak ere oso garrantzitsuak dira. Eszenografia, azken batean, hori da, taularen gaineko muntaia.

Atzezlana 'Wilt. Panpina puzgarriaren hilketa' lanaren moldaketa da. Zergatik aukeratu duzue Tom Sharperen obra hau?
Jose Antonio Vitoriak egin zigun proposamena. Nik Wilt ezagutzen nuen, baina ez nuen pertsonaia gehiegi gogoratzen. Haren baldarkeria gustatzen zait, zein makarra den Wilt. Kutsu sarkastikoa ematen die eguneroko bizitzako kontuei, tonu komikoan egin arren, eta gizabanakoen arteko harreman oro lantzen ditu; bikote eta ezkontideen arteko gorabeheretatik hasi, eta polizia, psikiatrak, edota heziketa sistema bezalako gaiekin ausartzen da. Gizartearen errepaso ironiko eta zoragarria egiten du, azken batean.

Zerk erakarriko ditu ikusleak? Obrak berak, ala euskal aktore ezagunek?
Denak. Jendeari asko gustatuko zaizkio aktoreak, eta baita haiek egiten duten lana ere. Eta obra bera ere bai, oso bizia delako, oso dibertigarria. Ikusleek barre asko egingo dute, lan lotsagabea da.

Lehenik eta behin euskarazko bertsioa egin duzue.
Bai, oraingoz euskaraz baino ez dugu prestatu; gaztelerazko antzezlana udazkenerako egingo dugu. Izan ere, bi bertsioak elkarrekin prestatu izan ditugu askotan, eta euskarazko erakustaldia jarraipenik gabe geratu izan da. Biak aurkeztu arren, ikusle askoz gehiago joan izan dira gaztelerazko emankizunetara. Horregatik, euskarazko bertsioari leku propio bat egin nahi izan diogu, itzuli propioarekin, eta ondoren egingo dugu gaztelerazkoa. Euskaldunen artean ospe handia duten aktoreak bildu ditugu Wilt egiteko, lanak merezi duelako, eta euskaraz ezagutu dadin nahi dugulako.

Zein egoeratan dago euskal antzerkia, zure iritziz?
Ni antzezten hasi nintzenean militantzia handia zegoen bai obrak egiteko, eta baita haiek ikustera joateko ere. Gerora, ikusleen kopurua ikaragarri jaitsi zen, ia inor ez zen antzerkia ikustera joaten. Horregatik, euskarazko lan gutxiago egin ziren. Azken urteetan, baina, berpizte moduko bat bizi dugu berriro ere, eta pixkanaka pixkanaka, gorantza egin dugu. Hala ere, ikusle gutxiago joaten dira euskarazko obretara, ulermen maila altua eskatzen dutelako. Gustora egoteko oso euskalduna izan behar da kasu batzuetan. Horregatik, jende askori erreparo handia ematen dio, eta bi aukerak eskaintzen badira, gazteleranzkora jotzen du.

Nondik datorkizu ikus-entzunezkoaren munduarekiko zaletasuna?
Oso txikia nintzenean, anai-arreba eta lehengusu-lehengusinekin hasi nintzen ikuskizun modukoak antolatzen, antzerkiak bailiran. Senide musikari asko ditut, baina ez dira profesionalak. Horregatik, hobby bat baino ez zela uste genuen. Unibertsitatean nengoenean, ordea, lanbidea izan zitekeela ikusi nuen. Eta hortik aurrera... orain arte!

Denetarik egin duzu: antzerkia idatzi, zuzendu, aktore lanak egin, telebistan ere aritu zara... Zer duzu gustukoen?
Istorioak kontatzea gustatzen zait. Hau da, denetik egin nahi izaten dut, baina bereziki zuzentzea atsegin dut. Obraren zati guztiek osotasun bat osatzen dute: testua idatzi, zuzendu... dena istorio bat kontatzea da. Eszenatokira igo baino nahiago dut.

Jaso dituzun sarien zerrenda amaigabea da! Bat hautatzekotan, zein lan oroitzen duzu?
Zerrenda luzea da, bai, baina zaharra naizelako, ez bestegatik! – barre egiten du -. Nire obrarik gustukoena, El Amigo de John Wayne da. Sentimenduzko arrazoiak daude lanaren atzean, nire anaia Koldoren antzezpena ikaragarri gustatu zitzaidalako, eta gainera, obra asko maite dudan pertsona batengan inspiratuta dagoelako, adimen urrikoa den pertsona batengan. Halaber, ikusleek oso ongi hartu zuten, guk espero baino hobeto.

Eta oroitzapenik kaskarrenak?
Ez dut ikuskizun bakar bati buruzko oroitzapen txarrik. Baina, beharbada, prestaketa handia eskatzen duten lanak dira gutxien gustatzen zaizkidanak. Une batzuetan badirudi ezinezkoa dela denak bat egin dezan lortzea, eta momentu horretako presioa oso gogorra izaten da. Ikuskizunaren araberakoa da, baina baliabide tekniko eta teknologiko gehiago erabiltzen ditugun lanetan egitekoak asko izaten dira. Prestaketa egun horiek gorroto izaten ditut denbora falta izaten zaidalako. Gero, baina, dena ongi ateratzen da, eta hori izaten da momenturik hoberena!