Eman eta jaso

Eman eta jaso https://www.gaztezulo.eus/albisteak/eman-eta-jaso/@@download/image/26p48-2.jpg
2003/01/03
erreportajea
Xabier Martinez eta Arbullo
Musika, zine eta beste hainbat arlotako enpresa handiak gerra egiten ari dira artxiboak jaistea ahalbidetzen duten sareen aurka.Baina, gerra irabazten ari al dira?

Ohiko komunikabideetan, denok izan dugu enpresa handien eta interneteko "Robin Hood"-en arteko auzi amaigabeen berri. Robin Hood horiek dira Napster (www.napster.com), Audiogalaxy (www.audiogalaxy.com), Edonkey (www.edonkey2000.com)… Saretxulo-n behin baino gehiagotan mintzatu gara haiei buruz.

Baina, hona hemen galdera: gainerako arlo guztietan garaile atera ohi diren negozioetako erraldoi hauek benetan ari dira gerra irabazten? Ez. Izan ere, edozein eremutan, aipatutako sareotakoren bat ixten dutenean, beste batzuk sortu ohi dira eremu horretan bertan. Adibidez, Napster itxi zutenean, jende guztia Audiogalaxy erabiltzen hasi zen eta beraz, sare hau handiago, indartsuago eta eraginkorrago bihurtu zen. Hau da, sareok itxita, haien erabilera oztopatu beharrean, beste batzuk indartzea lortzen dute.

Gaiari heldu baino lehen, har dezagun tartetxo bat sare hauek zer diren azaltzeko. Izan ere, euren lana ezagutzen badugu, berehala ulertuko dugu zergatik dauden hain kezkatuta musika, liburu edota film banatzaileak. Hitz gutxitan, sare hauek nork bere ordenagailuan dituen artxiboak beste jende batekin trukatzeko aukera ematen dute. Beraz, sare batean sartuz gero, bertan dabilen edozein erabiltzaileren filmak, bideoak, abestiak eta digitaliza daitekeen oro jaso daiteke.

Esan bezala, sareak aldatzen ari dira eta zaharrak itxi ahala, beste batzuk sortzen ari dira, indartsuagoak eta erabiltzaile gehiagorekin. Esaterako, Audiogalaxy erabiltzen zutenek (musika munduan inoiz egondako sarerik onena izan da Audiogalaxy) Music City-tik sortutako Kazaa-ra jo dute. Edonkey sareak ere jarduna aldatu behar izan zuen, eta bertako erabiltzaileek albistea pena handiz hartu zuten arren, sortzaileak trukerako beste sistema bat sortu zuen: Emule. Baten batek kontrakoa pentsa dezake, baina enpresa erraldoiak ez dira gerra irabazten ari.