Emakunderen '30 emakume ahaztezin' erakusketa Astigarragan
Astigarragako Erribera Kulturgunean paratu dute Emakundek antolatutako 30 emakume ahaztezin izeneko erakusketa. Hogeita hamar akuarela bildu dituzte bertan, eta horietan Elena Ciordia artistak hainbat diziplinatan -literatura, bertsolaritza, pintura, argazkigintza, kirola, musika, fisika, politika, etab.- nabarmendu diren gure historiako emakumeak erretratu ditu. Akuarela horiek beste ikus-entzunezko material eta elementu batzuekin osatu dituzte, emakume horien bizitzari buruzko informazio zabalagoa eskaintze aldera. Emakundek argitaratutako 30 emakume ahaztezin liburuan ere jasota daude erakusketako emakumeak.
Emakundeko zuzendari den Izaskun Landaidaren hitzetan, “luzaroan izan duten errekonozimendu faltak ikusezin bihurtu ditu kasu askotan emakumeak, mundua ezagutzen dugun bezala eraikitzen ekarpen handia egin duten arren. Erakusketak guztiak omendu nahi ditu, hainbat diziplinatan nabarmendu zirenak baina, aldi berean, hain aitortuak ez diren beste lan batzuetan bizitzari eustea ahalbidetu dutenak ere bai”.
Horrela, historiako beste emakume askok izendatuak eta omenduak izatea merezi dutela jakinik, erakusketak espazio bat ere bihurtu nahi du, "herritarrek euren ekarpena egin dezaten beste emakume batzuen oroimena berreskuratuz". Helburu horrekin, panel bat jarri dute erakusketan eta bertan bisitariek emakumeen izen gehiago proposa ditzakete: edozein eremutan nabarmentzen diren emakumeak, beren herrietako erreferenteak diren emakumeak, baita haien familietakoak ere, eta beren historia kontatzen dutenak. Ekarpen hori erakusketa-panelaren bidez edo #emakumeahaztezinak traola erabiliz egin ahal izango da sare sozialetan.

