Emakumezkoen lehenengo neguko surf txapelketa, asteburu honetan Sopelan

Emakumezkoen lehenengo neguko surf txapelketa, asteburu honetan Sopelan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumezkoen-lehenengo-neguko-surf-txapelketa-asteburu-honetan-sopelan/@@download/image/2010352363Open_uribe.jpg
2012/12/13
berria
Emakumezkoen lehenengo neguko surf txapelketa, asteburu honetan Sopelan
Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko, Uribe Kostako Mankomunitateak makina bat kirol jarduera antolatu du, tartean larunbatean (hilak 6) eta igandean (hilak 7) Sopelako Arriatera hondartzan egingo duten Open Uribe Kosta: emakumezkoen lehenengo txapelketa. Horretaz gain, bizikleta martxa, ibilaldi neurtua eta piraguismo jarduerak ere izango dira aukeran, besteak beste.

Ia bi metroko olatuak eta egun argia espero dute antolatzaileek astebururako Arriatera hondartzan, ezin hobe. Open A (ohiko lehiakideak) eta Open B (noizbehinkako lehiakideak) kategorietako surf zale guztiei luzatu diete txapelketarako gonbitea, eta jadanik Kantauri Kostako 50 bat kirolarik baieztatu dute bertan izanen direla. Azken itzuliak igandean izango dira, goizeko 10:00etan.

Uribe Kostako Mankomunitatearen azken helburua, ordea, kirol jarduera ezberdinetan emakumeen parte hartzea sustatzea da, eta horregatik, Sur Openaz gain, bestelako eskaintza zabala ere prestatu du. Igandean, esaterako, bizikleta eta oinezko martxa bana abiatuko dira Berangotik eta Gorlizetik, hurrenez hurren. Bizikleta martxa goizeko 10:30ean hasiko da Berangoko Eroski supermerkatuko aparkalekuan eta Uribe Kostako hainbat udalerritan barna aurrera egingo du harik eta 13:00etan Arriareta hondartzara iritsi arte. Hain justu ordu berean eta toki berera iritsiko dira Gorlizko udaletxetik abiatutako ibilaldi neurtuan parte hartzen dutenek, aurreikuspenen arabera.
Eguna Nesken Open Surf txapelketako sariak banatuta eta jai handi bat ospatuta borobilduko dute.

Nolanahi ere, aipatu ez ditugun beste aukera hauek ere izango ditu gerturatzen denak:

Martxoaren 6an (Barrika eta Plentziako itsasadarrean):
-    Piraguismo jarduerak.

Martxoaren 7an (Sopelako Arriatera hondartzan):
-    10:00etan Tai Txi erakustaldia.
-    10:00etan eskubaloi erakustaldia.