Emakumeentzako komikigintza tailerra, Hernain

Emakumeentzako komikigintza tailerra, Hernain https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeentzako-komikigintza-tailerra-hernain/@@download/image/komikigintza_ta_1359106346.jpg
2013/01/24
berria
Ainara Azpiazu Aduriz ‘Axpi’k komikigintza ikastaroa eskainiko du datorren astelehenetik aurrera 11 astez Hernaniko Biteri kultur etxean. Ikastaro osoak 16,5 euro baino ez ditu balio, eta Euskal Herri osoko emakumeei zuzendurik dago. Eman izena bizkor!


Gisa honetako ikastaroa eskaintzen duen bigarren aldia da Ainara Azpiazu Aduriz Axpirentzat. Hernaniko Jabetze Eskolaren baitan antolatutako ekimena da, hau da, Udaleko Berdintasun Sailetik bideratua, eta emakumeen ahalduntzera begira prestaturiko ikastaroa da.

Datorren astelehenean hasiko da —urtarrilak 28—, eta 11 astez, astelehenero, bilduko dira Hernaniko Biteri kultur etxean arratsaldeko 18:00etatik 19:30era. Ez da beharrezkoa marrazkilari iaioa izatea, gogoz joatea besterik ez du eskatzen Axpik. Baliteke parte hartzaileen artean lehen txandan aritutakoak egotea, eta horiek beren proiektuekin jarraituko dute; bigarren honetara animatu direnak, aldiz, lan berriak hasiko dituzte.

Marraztu, ikasi
Baina marrazkiak eginez eta praktikatuz ikasteaz gain, teoria pixka bat ere landuko dute. Horretarako, emakume komikigile ezezagunek egindakoak ekarriko dituzte ikasgelara, eta haiek ezagutuz oinarria sendotzen joango dira.

Beraz, ikastaroan parte hartu nahi baduzu, ez denborarik galdu! Urtarrilaren 25era bitarte duzu zabalik izena emateko epea, eta honako telefonora deituz egin behar duzu: 943 33 70 17. Orotara 16,5 euro bakarrik balio ditu, beraz, animatu!

Baita GAZTEZULOn ere


Ainara Azpiazu Axpiren ilustrazioek GAZTEZULOn iragan ekainean argitaratutako 'Gu, bost mende atzera' erreportajea ilustratu zuten.