Emakumeenganako sexu-jazarpena ikertzeko Londresko metroan ibili den kazetaria: "Izugarria da"

Emakumeenganako sexu-jazarpena ikertzeko Londresko metroan ibili den kazetaria: "Izugarria da" Zazpi metro lineatan ibili da bi hilabetez, mikrofonoa eta kamera hartuta, eta zenbait gizonezkok mehatxuak egin dizkiote, ukitu eta baita atzetik jarraitu ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeenganako-sexu-jazarpena-ikertzeko-londresko-metroan-ibili-den-kazetaria-izugarria-da/@@download/image/pexels-myersmc16-5209880.jpg
2026/07/14

Testua: Maitane Legarreta

Zazpi metro lineatan ibili da bi hilabetez, mikrofonoa eta kamera hartuta, eta zenbait gizonezkok mehatxuak egin dizkiote, ukitu eta baita atzetik jarraitu ere.
Emakumeenganako sexu-jazarpena ikertzeko Londresko metroan ibili den kazetaria: "Izugarria da"

Erresuma Batuko Daily Mail komunikabideko ikerketa-kazetaria den Mimi Yates Londresko metroan ibili da bi hilabetez, egunez zein gauez, emakumeek garraio publikoan jasan behar izaten duten sexu-jazarpena dokumentatzeko asmoz. Eta emaitza berak uste baino gordinagoa izan da: zortzi bat aldiz jazarri zuten hitzez, eta fisikoki eraso egin zioten behin. 

Lanera joan aurretik zein ondoren, asteburuetan eta gauez ere egin zituen bidaiak, Londresko zazpi lineatan: Victoria, Piccadilly, District, Circle, Central, Jubilee eta DLR (Docklands Light Railway). Mikrofonoa eta kamera izaten zituen soinean, eta segurtasuna bermatze aldera, laguntza eman ziezaiokeen ekoizle bat izaten zuen inguruan, baina susmorik ez sortzeko moduko distantzian. 

Janzteko moduak zerikusirik ez izan arren, horri ere erreparatu zion: botoidun alkandora koadroduna, praka zabalak eta jaka bakeroa. Jantzi zabalak izaten ziren gainera, grabaketarako soinean zituen gailuak ezkutatze aldera. Kazetariak argi azaldu duenez, "ez nintzen amu gisa aritu".

Gaueko metroan bizitako jazarpena
Lehen gaua apirilaren 25ekoa izan zen. Holborn geltokitik abiatu zen Yates, goizaldeko 1:30ean. Bidaia hasi eta ordu laurdenera, gizon gazte talde bat berari begira zegoela konturatu zen. Halakoetan emakumeek egin ohi dutena egin zuen: beste aldera begiratu, keinurik edo imintziorik ez egin, eta telefonoarekin katigatuta zegoen itxurak egin. Dagenham-eko geltokian atera zenean, haiek ere metrotik jaitsi ziren. Bere aurretik oinez zihoazen, oso geldo, eta atzera begiratzen zuten, artean han zegoela ziurtatzeko edo. Geltokitik atera zen kazetaria, desagertuko zirelakoan, baina han jarraitzen zuten. Buelta hartu eta nasara jo zuen berriz. Orduan alde egin zuten.

Yatesen hitzetan, "okerragoa izan zen gerokoa", bereziki Green Parken izan zuen erasoa. Gogoan du sentitutako "antsietate bizia" gizona ekin eta ekin, tematurik, eta haserretuta zegoela ikusita.

Goizaldeko ordu biak aldera, metroko bagoian bera eta bere adin bikoitza zuen gizon bat besterik ez zeuden. Yatesek kontatu duenez, "berari begira egon zen bidaiak iraun zuen 40 minutuetan". "Pareko eserlekutik mugitu eta nire ondoan bota zuen bere burua. Neure arreta bereganatzeko premia zuen, eta trenaren zarata gorgarriaren gainetik hitz egiten zidan. Urduri, nire geralekura iritsi baino lehen jaitsi nitzen. Berak atzetik jarraitu zidan eta erdi-hutsik zegoen beste tren batera igo zen. Nirekin elkarrizketa izaten saiatzen zen behin eta berriro, niri begira eta bere ezpainak miazkatzen", azaldu du. Nasatik eskaileretara bidean gizonarengandik libratzeko aukera izan zuen.

Ordu-erdi geroago, beste gizon bat berari deika hasi zen, haren arreta bereganatu nahian. Ondo jantzitako gizon bat deskribatu du Yatesek, modako betaurrekoak soinean. Trenaren zain zeudela, ondoan esertzeko keinua egin zion. "Edertasunak eserlekua behar du. Eseri zaitez hemen", esan zion gizonak. Kazetaria berarengandik hiru eserlekutara eseri zen, tartetxo batez. Bere adineko alaba zuela esan zion, eta non bizi zen galdetu zion. Erantzunik jaso ez zuenez, mehatxuka hasi zitzaion: "Zure etxe ondoko pub edo jatetxea aurkituko dut. Zure bila joango naiz eta aurkituko zaitut". Ez zuen amore ematen, eta bere telefono zenbakia eskatu zion behin eta berriz. Yatesek adierazi duenez, hogei aldiz eman zion ezezkoa, modu onean.

Metroan sartutakoan atzetik jarraitu zion bagoi berera, barrezka. Parean eseri eta telefono zenbakia eskatzen segitu zuen, harekin elkartu behar zuela eta. Orduan, gerturatu eta izterra laztandu zion. Ez ukitzeko eskatu zion, mesedez. Kazetariak aipatu du neska batek eta bikotekideak ikusi zutela zer gertatzen ari zen, baina ez zutela ezer esan edo egin. 

Altxatu egin zen haren ondotik alde egiteko, eta orduan beste gizon talde bat ikusi zuen. Haietako bat gerturatu eta telefono zenbakia eskatu zion. Bederatzi aldiz eman zion ezezkoa. "Hain gertu zegoen nigandik ezen pubeko usain txarra usaindu nezakeen bere eskua nire hankatik gertu zegoen zutoinetik behera jaisten zuela", aipatu du testigantzan. "Zeren beldur zara?" galdetu zion gizonak. 

Neska bat zegoen bagoiko hormaren kontra lokartuta, mozkorturik. Gizonak harengana keinu egin eta zera esan zion Yatesi: "Begira iezaiozu".  Neska hura egoera zaurgarri hartan ikusita, inor egon izan ez balitz, zer gerta zekiokeen pentsatu zuen berekiko kazetariak.

Goizeko bostak aldera iritsi zen Yates etxera, akituta baina artean ere estresak eragindako egoeran, eta bere erreakzioa grabatu zuen telefonoan: "Nire bihotza nahiko azkar ari da taupaka. Ez nuen uste egoera hain okerra izango zenik".  Egoera bakoitzean karga edo ardura bere gain sentitu zuela azaldu du, "lasai egon behar izateko, adeitasunez jokatzeko egoerak okerrera egin ez zezan, jokabide horiek ez hauspotzeko bezain irmo eta laguntzarik behar nuen antzemateko bezain alerta".

Babes eta neurri falta
Tamalez, sexu-jazarpenak ez dira hain ezohikoak. Londresko Asanbleak emandako datuen arabera, neskato eta emakumeen aurkako 4.593 sexu-delitu izan ziren iaz Londresko garraio sarean. Kasu horien % 58 ez zen argitu, ez baitzuten erasotzailea identifikatu. Eta % 3 bakarrik izan ziren kargu formalak izan zituztenak.

Maiatzean 46 urteko gizon bati kartzela zigorra ezarri zioten lo zeuden emakumeak erasotzen zituelako gaueko metroan. Zortzi sexu-eraso zituen eginak eta beste delitu batengatik preso zegoela egin zuen poliziak lotura. 38 urteko beste gizon bat ere kartzelaratu zuten martxoan, hiru emakumeri sexu erasoa egin eta beste bat jazartzeagatik trenean. Fiskaltzaren hitzetan, "ez zuen ezezkorik onartzen". 

Joan den ekainean Esme Rice izeneko 31 urteko emakumea erasotu zuten. Bi gizonek irteerako bidea itxi eta ukitu egin zuten trenetik jaisterakoan. Ricek adierazi duenez, "ez zuten damurik erakutsi. Haien buruaz harro zeuden sexu-erasoa egin zidatelako". Ez zegoen poliziarik bertan eta garraio britainiarraren poliziari deitzeko esan zioten, 61016 telefono zenbakira. Ez zuen komunikatzerik lortu, eta handik hamahiru ordutara deitu zioten. 

Aurrez beste eraso bat bizi izan zuen. 2024an gizon bat bere aurrean masturbatu zen metroan, puntako orduan. Garrasi egin zion Ricek, baina inork ez zuen ezer egin. Kasua handik bi astera itxi zuten erasotzailea identifikatzeko ezinagatik, nahiz eta bertako bideo-sistemak hartutako irudiak eta Ricek ateratako argazkiak izan. Ricek hala ohartarazi du: "Emakumeak sistematikoki abandonatu gaituzte, eta autoritateen aurreana ahotsik ez dugula sentitzen dut".  Ahal badu ez du metrorik hartzen, eta beste biderik ez duenean, bidaiarien aurpegiak aztertzen aritzen omen da.

Hain zuzen ere, Daily Mailen egindako ikerketan bideozaintza sistemaren hutsuneak nabarmendu dituzte. Yatesek sexu-erasoa salatu zuenean, polizia-agente batek jakinarazi zion linea hark ez zuela kamerarik bagoietan. BBCek duela gutxi egindako ikerketa batean erakutsi zuenez, poliziak grabazioak eskatu zituen 560 kasutatik 250etan ez zegoen irudirik, akats teknikoren bat izan zen, materiala ez zen erabiltzeko modukoa edo ordurako gainean grabatuta zegoen. Bideozaintza bidezko irudiak izateko edo eskuratzeko zailtasun handiak daude beraz, eta ondorioz, baita frogak lortzeko ere.

Segurtasun handiagoa izateko irtenbideak
DailyMailek garraio diseinuan aditua den Susan Leadbetterren iritzia ere jaso du. Espazio publikoak emakumeentzat seguruagoak izateko ikerketan ari da azken urteotan. Harek adierazi duenez, garraio-sarean jazarpen edo erasoren bat izan dutela salatu dutenen ehuneko hogeiak ez luke berriz salatuko, haien salaketa kudeatu zuten moduagatik. Bestetik, gertakariak maila eta neurri baxuan hasi eta larriagotzen joaten direla ohartarazi du, gizonezkoei hasierako jazarpen eta indarkeria horiek baimentzen zaizkielako. 

Hartu beharreko zenbait neurri aipatu ditu Leadbeterrek: funtzionatzen duten kamerak izatea, langileak agerian egotea, seinale fidagarriak eta hobeto argiztatutako geltokiak izatea, eta ibilbide berriak diseinatzea hori guztia kontuan hartuta.

Camille Brown 22 urteko londrestarrak bestelako proposamen bat du. Metroan emakumeentzako bagoiak sortzeko eskaera bultzatu du, inkesta bateko emaitzak ikusita. Tokio, Mumbai eta Mexiko hiriko ereduetan oinarritutako proposamena da. Gidariarengandik hurbilen dagoen trenaren muturreko bagoia izendatuko lukete horretarako, zaurgarri sentitzen diren emakumeek bertan bidaia dezaten.