Emakumeen Mundu Martxako komite bat Euskal Herrian da egunotan

Emakumeen Mundu Martxako komite bat Euskal Herrian da egunotan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeen-mundu-martxako-komite-bat-euskal-herrian-da-egunotan/@@download/image/20121019427emakume_martxa.jpg
2012/12/13
berria
Urriaren 16an iritsi ziren gurera, eta hilaren 24ra bitarte hemen izango dira Emakumeen Mundu Martxako komiteko hainbat kide. Euskal Herriko mugimendu feministarekin harremana sendotu eta hausnarketak konpartituko dituzte.

Quebec, Filipinak, Mozambike, Mali, Brasil, Tunez, Turkia, Guatemala eta beste hainbat herrialdetatik etorritako ordezkariek osatzen duten egunotan Euskal Herrian dabilen Emakumeen Mundu Martxako komitea. Asteartean iritsi ziren Bilbora, eta bertan egongo dira larunbatera bitarte; ondoren, Donostiara joango dira.

Hainbat lan saio egingo dituzte Euskal Herriko mugimendu feministarekin batera, eta harremanak indartzea eta hausnarketak partekatzea izango dute helburu nagusi aste beteko egonaldian.

Jardunaldiak
Bi dira nagusiki azpimarratu beharreko ekitaldiak. Batetik, urriaren 19an, ostirala, Mundubat eta Euskal Herriko plataformak jardunaldi antikapitalistak egingo dituzte Bilbon. Arratsaldez izango da, eta aurkeztuko dituzten ponentzietan eraso kapitalistari feminismoaren alorretik nola aurre egin aztertuko dute; ondoren afaltzera joango dira Ekoetxera.

Bigarren jardunaldiak urriaren 23an, asteartea egingo dituzte, Donostiako San Telmo museoan. Egun osoko topaketak izango dira, eta Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Diputazioarekin batera indarkeriaren inguruan hausnartuko dute parte hartzaileek.

Aukera politak izango dira biak munduko mugimendu feministak eta uneotan burutzen ari diren ekintzak gertutik ezagutzeko.

Emakumeen Mundu Martxa


Emakumeen aurkako indarkeria eta haien pobrezia eragiten duten faktoreak duesezteko asmoz elkartu diren emakume taldeek eta erakundeek osatzen dute Emakumeen Mundu Martxa, eta ekintza feministak burutzen dituen mundu mailako mugimendua da.
Andrazkoek jasaten dituzten diskriminazio eta ezberdintasunen aurka borroka dihardute, eta aldaketa sozial, ekonomiko eta politikoa dute helburu.