Emakumeen izena izango dute Gasteizko bederatzi gunek
Orain arte Gasteizko kale-izendegia "gizonen presentzia sinbolikorako erreserbatuta" egon dela eta, emakume artistei, langileei, mezenasei, hiriaren historiako une jakinetan aitzindari izandakoei, alegia, lekua egin nahi diete hiriko zenbait espaziotan. Maria Sarmiento, Juncal Ballestin, Maria Pilar Acedo Sarria (Montehermosoko markesa), Fournierreko kartagileak, Blanca de Silos, Maria Concepcion Lopez de Arroiabe, Basilia Tarrios, Teresa Sanchez de Bilbao eta Daria Imbert dira hiriko zenbait gune, plaza eta kaleri izena emango dieten lehenengo emakumeak.
Izenak kokatzeko tokiak ere aukeratu dituzte: Corte Ingles-aren aurreko plaza, Artiumeko plaza, Musika Kontserbatorioko lorategiak, San Martineko udal-bulegoen eraikineko ekitaldi-aretoa, Karmengo elizaren aurreko plaza, eta Aranbizkarra, Arana eta Lakuako parkeak.

Gorka Urtaran alkateak adierazi duenez, "hiri bateko kale-izendegia bertako biztanleen, nahien eta asmo kolektiboen isla da. Balioak, historia kolektiborako ekarpenak seinalatu beharko lituzkete, hiriak haiei erreparatu diezaien. Kale-izendegia, gainera, pentsaera, ideologia eta gizarte-aurreiritzien emaitza da garai bakoitzean. Emakumeei presentzia sinbolikoa eta merezi duten aintzatespena ukatu zaie espazio publikoetan, historiaren kontakizun androzentrikoa osatu da, emakumeak sistematikoki kanpoan utzi baitituzte. Gure historiari arretaz erreparatzen badiogu, ordea, ikusiko dugu mota guztietako emakumez betea dagoela, zeinak gure ingurunea hobetzen eta gure kultura handitzen lagundu baitzuten. Horregatik guztiagatik, kasu askotan, ondorio bidegabeak ordaindu zituzten eta indarkeriaren biktima izan ziren”.
Lantalde bat osatu dute proposamenak jasotzeko, kontsulta eta dokumentazio-lana egin dute, eta Isabel Mellen eta Virginia Lopez de Maturana historialariengana ere jo dute zein emakume hautatu erabakitzeko. Udalak jakinarazi duenez, pixkanaka emakumeen izen gehiago gehituko dituzte: "Prozesuak irekita jarraitzen du, eta Udalak emakumeen papera aitortzen jarraituko du, orain izenik ez duten espazioetan edo sortu berrietan, kontakizun bidezkoagoa finkatzeko eta emakumeak kanporatu dituzten alderdi publiko guztietan berriz integratzeko".

