Emakumeen aurkako indarkeriagatik hainbat gazte atxilotu dituzte azken egunotan

Emakumeen aurkako indarkeriagatik hainbat gazte atxilotu dituzte azken egunotan https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
berria
Neska-laguna edo familiako beste emakumeren bat jotzeagatik hainbat gazte atxilotu ditu Ertzaintzak azken egunetan. Berriro ere gazte batzuek generoen arteko berdintasuna zer den ez dutela ulertu dirudi.

Bart gauean, urriak 2, Ertzaintzak 32 urteko gizon bat atxilotu zuen, ustez koinatuaren neska-laguna jotzeagatik. Atxiloketa goizeko 3:30ean gertatu da Tomas Zumarraga kalean. Ertzainak inguru horretara bertaratu direnean emakumea mutil-lagunarekin zegoen, eta erasotzailea ihes egiten ikusi dute. Ertzainak atzetik joan zaizkio eta D.S.J. atxilotu egin dute. Biktima Txagorritxu ospitalera eraman behar izan dute.
Astelehenean, urriaren 1ean, Ertzaintzak 25 urteko S.D.P atxilotu zuen Hernanin, ustez bikotekidea jotzeagatik. Bikotekidea, gainera, haurdun dago. Astelehenean 20:00ak aldera emakume batek Ertzaintza deitu zuen, mutil-lagunak jo egin zuela esanez. Ertzainak etxebizitzara joan ziren, eta bertan emakumeak jakinarazi zien bikotekideak jo egin zuela. Halaber, lehenago ere tratu txarrak jasan izan dituela esan zien neskak ertzainei. Kontaketa entzun eta gero, eta emakumeak aurpegian eta lepoan ubelduak zituela kontuan izanda, gizonezkoa atxilotu zuten ertzainek. Gizona etxebizitzan zegoen. Emakumea, berriz, osasun etxera eraman zuten ertzainek.
Astelehenean bertan, baina goizaldeko bostak aldera, Ertzaintzak 28 urteko K.I. atxilotu zuen, ustez bikotekidea jotzeagatik eta heriotza mehatxuak egiteagatik. Biktimak kontatutakoaren arabera, mutila goizaldean iritsi zen etxera eta eztabaida izan zuten. Halako batean mutilak ukabilkada eman zion, lurrera bota zuen eta lurrean buruan jotzeari ekin zion. Ertzainek gizonezkoa atxilotu zutenean ere, honek heriotza mehatxua egin zion emazteari.
Igandean ere, 38 urteko P.L.R. atxilotu zuten ustez neska-laguna jotzeagatik eta iletik tiraka gelaraino arrastaka eramateagatik. Lagunekin etxean festa egiten ari zirela izan zen gertaera.