Emakumeen aurkako biolentzia: ezkutuan geratzen den pandemia

Infekzioaren inguruan herrialdeek euren informazioa ematen duten bitartean, geroz eta gehiago dira emakumeen aurkako biolentziagatik jasotako deiak gehitu direla diotenak ere. Argentinan, Kanadan, Frantzian, Alemanian, Espainian, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan emakumeen biolentziaren aurka lanean dabiltzan eragileek azpimarratu dute etxeko biolentziaren salaketen gorakada bat izan dela osasun krisia hasi zenetik eta babes neurri gehiagoren beharra dagoela.
Singapur eta Zipreko linea telefonikoko deiak %30 igo dira. Australian berriz, %40. Izan ere, dirudienez emakumearen aurkako biolentziaren intentsitatea haziz doa herrialde guztietan konfinamenduak luzatu ahala.
Konfinamenduak tentsioa pizten du eta segurtasun, osasun eta diruaren inguruko kezkak sortzen ditu. Halaber, emakume hauen isolamendua indartzen du, beste pertsonengandik banatuz eta baita lagundu diezaioketen baliabideetatik urrunduz. Egoera perfektua da jokabide kontrolatzaile bat edukitzeko, biolentziaraino iritsiz kasu askotan. Horregatik, COVID-19aren aurka sistema sanitarioa indartu den bezala, emakumeen aurkako biolentziaren pandemiaren aurka ere inoiz baino gogorrago jokatu beharra du sistemak, inoizko babesik handiena emanez emakume hauei.
Izan ere, COVID-19a gure bizitzetara iritsi aurretik ere emakumeen aurkako biolentzia genuen arazorik larrienetako zen. Azken 12 hilabete hauetan, mundu osoko 243 milioi emakume eta haurrek jasan dute biolentzia sexual edo fisikoa euren bikoteengandik. Egungo pandemia zabaltzen doan heinean, datu hauek hazi egingo direla uste da, emakumeen ongizatean, osasun sexualean, osasun mentalean eta ugaltze gaitasunean eraginez.
Orain arte, biolentzia mota honen salaketan baxuak izaten ziren, honi erantzuna ematea zailduz. Horrela, biolentzia pairatzen duten emakumeen %40ak baino gutxiagok bilatzen dute laguntza edo salatzen dute bere erasotzailea. Emakumeen %10 baino gutxiagok jotzen dute poliziarengana. Egungo egoerak oraindik eta konplexuago bilakatzen du salatzea, emakumezkoei mugak sortuz, zailtasunak baitituzte telefono bat eskuratzeko. Horrela, emakume hauek behar duten babesik gabe geratzen dira. Gainera, erasotzaileen zigorgabetasuna indartzen da. Herrialde askotan legea ez dago emakumeen alde. Lau herrialdetatik batek ez du emakumeak babesten dituen legerik.
Ezkutuan dagoen pandemia hau ez bada behar bezala kudeatzen COVID-19ak izango duen eragin ekonomikoari gehituko zaio. Iraganean, emakumeen aurkako biolentziaren kostua 1,5 milioi dolarretan estimatu izan da. Kopuru hau hazi egin daiteke, biolentzia hazten doan heinean, eta haziz jarraitu lezake koronabirusaren pandemia gaindituta ere.
Emakumeen aurkako biolentziaren hazkundeari irtenbide bat eman behar zaio ahalik eta azkarren. Nazio Batuen idazkari nagusiak herrialde guztiei eskatu die prebentzio lanak burutzeko emakumearen aurkako diskriminazio modu guztiak murrizteko helburuarekin. Emakumeentzako linea telefoniko eta arreta gune guztiak oinarrizko behar bezala hartu behar dira herrialde guztietan eta horretara bideratutako finantziazio izan beharko dute, honen berri zabaldu dadin gizarte osora. Emakumeen aldeko komunitate eta erakundeak gakoa izan dira aurreko krisiak prebenitzerako orduan, beraz, beharrezkoa da hauek epe luzera mantentzea. Arreta guneak potentziatu behar dira, babes psikosoziala izan dezaten emakumeek. Horretarako, irtenbide teknologikoak eskaini behar dira, adibidez SMSa, sare sozialak, edota telefono deiak Internet ez duten emakumeentzat. Polizia eta zerbitzu judizialak sustatu behar dira biolentzia mota honi lehentasuna emateko eta erasotzaileak zigorrik gabe geratu ez daitezen. Sektore pribatuak ere badu zer esanik honetan, informazio partekatu baitezake eta ekimen positiboak sustatu gaiaren inguruan.
Aurretik esperimentatu gabeko eta gainditu beharreko erronka asko jartzen ari zaigu jada COVID-19a. Tentsio emozional eta ekonomikoak sortzen ditu, eta emakumeen aurkako biolentziaren hazkundea da gure baloreen isla pandemia honetan. Gure gizatasun partekatua mehatxuan dago. Horregatik, gure ahaleginak ez dira bakarrik koronabirusa gainditzera bideratu behar, baita ondokoari laguntzera ere; emakumeak inoiz baino indartsuago atera daitezen krisi honetatik.