'Emakumeek zientzia egiten dute' zikloa Bilbon

'Emakumeek zientzia egiten dute' zikloa Bilbon Pampa Garcia kazetari zientifikoa zientziaren eta teknologiaren dibulgazioaz arituko da solasean biharko saioan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeek-zientzia-egiten-dute-zikloa-bilbon/@@download/image/emakume zientzia.jpg
2021/11/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Pampa Garcia kazetari zientifikoa zientziaren eta teknologiaren dibulgazioaz arituko da solasean biharko saioan.
'Emakumeek zientzia egiten dute' zikloa Bilbon

Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak Emakumeek zientzia egiten dute zikloa abiatuko du azaroaren 4an, osteguna, emakumearen eta zientziaren paradigmari zenbait ikuspegitatik begiratzeko. Biharko hitzaldia SIC agentziako erredakzioburua den Pampa Garcia Molinak emango du, eta zientziaren eta teknologiaren dibulgazioaz eta kazetaritzaz arituko da. Adierazi dutenez, "honelako albisteak apurka-apurka herritarren kulturan sartzen ari diren arren, gutxitan entzuten dira emakume adituen ahotsak. Eta horren arrazoia ez da zientziaren munduan emakumeak urriak direla, baizik eta ez dutela gizonek besteko espazioa hartzen kazetarien agendan eta ez direla autoritatearen ahots gisa onartzen”. Zientzia munduan ez ezik, bestelako alorretan ere gertatzen dela nabarmendu dute, 1982 eta 2009.urteen artean Estatu Batuetan egindako ikerketa baten arabera, prentsan agertzen diren sei izeneko, bakarra baita emakumeena. Informazio desoreka horrek munduaren erdia ezkutatzen duela ohartarazi dute.

Pampa García Molina (Madril, 1976) kazetari zientifikoa da, fisika teorikoan lizentziatua eta kazetaritza zientifikoko masterra egindakoa. 2011az geroztik FECYT-en lan egiten du, SINC-eko erredakzioburu gisa. SINC Estatuaren eremuan zientziari, teknologiari eta berrikuntzari buruzko informazioan espezializatutako lehenbiziko agentzia publikoa da gaztelaniaz. Zenbait irratsaiotako ohiko kolaboratzailea izan da, eta zientziari buruzko espazioak izan ditu RNE, Onda Cero eta beste irrati batzuetan. Prestakuntza espezializatua ematen du zientziaren kazetaritzaz eta komunikazioaz kazetarientzako nahiz ikertzaileentzako master profesionaletan, tailerretan eta mintegietan. 2009tik 2017ra arte Komunikazio Zientifikoaren Espainiar Elkarteko zuzendaritzako kide izan zen. Aurretik, erredaktorea izan zen eta baita kolaboratzaile ere zenbait komunikabidetan. Adinekoentzako eta umeentzako dibulgazio-liburuetako egile ere bada.

Zikloaren hurrengo hitzorduak azaroaren 11n, 18an eta 25ean izango dira, eta izen hauek izango dituzte, hurrenez hurren: Angeles Alvariñoren borroka ikusezina eta klima-aldaketaOsasuna, medikuntza eta emakumeak: ba al dago genero-ezberdintasunik?; eta Bilboko arrokek ere euren historia/istorioak kontatzen dituzte.

Hitzaldiak 19:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa eta librea izango da, aretoa bete arte. Sarean ere jarraitu ahal izango dira saioak, streaming bidez.