Emakumeek okerrago lo egiten dute eta botikak hartu behar dituzte lotarako

“Emakumeek atseden ordu gehiago behar ditugu, patriarkatua borrokatzea nekagarria baita”. Lelo hau Martxoak 8ko pankartetan errepikatua izan da. Bada dirudienez, orain, ikerketa honekin baieztatua izan da: emakumeek gizonezkoek baino okerrago hartzen dute atseden, lo gutxiago egiten dute eta botikak hartu beharra izaten dute askok lo egin ahal izateko.
Hain zuzen, patriarkatua da, ezberdintasun honen jatorrietako bat, nahiz eta faktore sozialek, biologikoek eta psikologikoek ere eragina duten. Berriki burutu den galdetegi baten arabera gaizki lo egiten dutela dioten pertsonen %63,9 emakumezkoak dira.
Gaizki lo egitearen arrazoi nagusietako bat karga mentala da. Etxe askotan lanen banaketa berdindu bada ere, honen karga mentala gehienetan emakumeek izan ohi dute. Horrek nekea sortzen du eta ondorioz, ordu gutxiago lo egiten dute.
Karga mental honi lotuta osagai emozionala ere badago eta lo ezina elikatzen du honek ere. Emakumeen identitate soziala besteen zaintzaile bezala eraikitzen da oraindik ere. Emakumeek, zuzenean eurenak ez diren arazoak bere egiten dituzte eta honegatik antsietatea garatzen dute eta kezkek ez diete lo egiten uzten.
Kezka emozional hauek funts sozioekonomikoa ere badute. Soldaten arteko aldea eta kristalezko sabaia errealitate bat dira. Hain da horrela, emakumeek pobrezian amaitzeko arrisku gehiago dituztela gizonezkoekin alderatuta. Galdetegiaren arabera, emakumeen %85ak adierazi zuen gaizki lo egiten zutela estresagatik eta kezka finantzarioengatik.
Medikuntzaren ikuspegi maskulinoak ere kalte egin die emakumeei lo ezina eraginez. Egiten diren ikerketa gehienetan modeloak gizonezkoak dira. Honegatik, infradiagnostiko bat dago eta ezinbestean emakumeengan loaren nahasteek nola eragiten duten ez da sakonki ikertu.
Menopausiak ere badu zerikusia eta emakumeen loaren kalitatea aldatu lezake. Menopausiak gorputzean hormona aldaketa ugari sortzen ditu eta sintomen artean daude itolarria, izerditzea eta loaren jokabidean aldaketak.
Lo hartzeko botikaren erabilerari dagokionez, emakumeek, gizonezkoekin konparatuta, infusio lasaigarri, antsiolitiko eta depresioaren aurkako produktu gehiago kontsumitzen dituzte.