Emakumeek film laburrak egiteko 'Aukera' programaren deialdia egin du (H)emen elkarteak

(H)emen elkarteak emakumeek sortutako film laburrentzako Aukera mentoretza-programa bultzatu du, Zineuskadiren, Kutxa Kultur-ren, Zinebiren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien laguntzarekin. Deialdiaren bidez bost proiektu aukeratuko dira, gutxienez bi euskaraz.
Programak hainbat helburu ditu, tartean, ikus-entzunezko sektorean lan egin nahi duten emakumeei haien ibilbide profesionala Euskal Herrian hasi eta garatzeko lan aukera ematea, emakume sortzaileek sortutako lanen ekoizpena bermatzea eta euskal ikus-entzunezkoen sektorean emakume profesionalen kopurua handitzea.
Zinemagintzarekin edo ikus-entzunezkoekin lotutako ikasketak egin dituzten edo egiten ari diren 18 eta 30 urte bitarteko emakumeek har dezakete parte. EAEn jaio edo erroldatutakoak izan beharko dute, baina Nafarroako zein Iparraldeko emakumeak ere aurkez daitezke, beti ere euskarazko proiektuekin. Taldeak gutxienez bi eta gehienez hiru emakumez osatutakoak izan beharko dute. Gidoigile, zuzendari eta ekoizle rolak ordezkatu beharko dituzte.
Epaimahaiak fikziozko, animazioko edo dokumentaleko film laburrak egiteko bost proiektu aukeratuko ditu, gehienez 30 minutukoak, eta horiek parte hartuko dute mentoretza-saioetan. Gidoigintza saioak maiatzean egingo dira, zuzendaritzakoak uztailean, eta ekoizpenekoak irailean. Irailetik azarora, berriz, ikuspegi feminista duen ahalduntze ikastaroa, dosierrak garatzekoa eta pitching ikastaroa jasoko dituzte. Azkenik, azaroan, parte-hartzaileek beren proiektuak aurkeztuko dituzte Zinebi jaialdiaren Industria atalean egingo den pitching saioan.
Deialdia apirilaren 1eko 12:00ak arte egongo da zabalik, eta apirilaren 17an jakinaraziko da zein proiektu hautatu dituzten programan parte hartzeko.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.