Emakumeek eta gizonek jasotako diagnostiko eta tratamendu psikiatrikoetan ezberdintasunak hauteman ditu ikerketa batek

Emakumeek eta gizonek jasotako diagnostiko eta tratamendu psikiatrikoetan ezberdintasunak hauteman ditu ikerketa batek Emakundek sustatutako ikerketaren arabera, emakumeei antidepresibo gehiago errezetatzeko joera dago, eta nekezago eskatzen dira emakumeentzako proba diagnostikoak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeek-eta-gizonek-jasotako-diagnostiko-eta-tratamendu-psikiatrikoetan-ezberdintasunak-hauteman-ditu-ikerketa-batek/@@download/image/experto-universitario-el-tratamiento-psiquiátrico-de-la-psicosis-y-demencias-para-psicólogos.jpg
2022/04/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Emakundek sustatutako ikerketaren arabera, emakumeei antidepresibo gehiago errezetatzeko joera dago, eta nekezago eskatzen dira emakumeentzako proba diagnostikoak.
Emakumeek eta gizonek jasotako diagnostiko eta tratamendu psikiatrikoetan ezberdintasunak hauteman ditu ikerketa batek

Emakundeko zuzendari den Izaskun Landaidak nabarmendu duenez, "osasun-arloan, faktore biologikoez gain, kontuan hartu behar dira emakumeen osasunari eragiten dioten faktore sozioekonomikoak, hala nola pertsonak zaintzeko lanaren banaketa desberdina, titularra emakumea duten guraso bakarreko familia-nukleo gehiago izatea, emakumeen errenta-maila baxuagoa, langabezia handiagoa, gizarte-bazterketa maila handiagoa... Izan ere, desberdintasun horiek eragin zuzena dute emakumeen osasunean eta modu desberdinean eragiten dute gizon eta emakumeen osasunean eta gaixotasunean”. Horrela, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) generoa pertsonen osasun mentalaren aldagai kritiko erabakigarri gisa identifikatu du. OMEk adierazi duenez, 2020an depresioa izan zen munduan desgaitasunaren kausarik ohikoena, eta horrek eragin handiagoa izan zuen emakumeengan.

Margarita Saenz Herrero, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Medikuntzan doktoreak, eta Maria Recio Barberok, neuropsikologian espezialista eta Biocruces Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaileak, egindako ikerketak ondorioztatzen du aldea  dagoela gizonen eta emakumeen eskaera klinikoen eta jasotako arretaren artean. Substantziak erabiltzeagatik eragindako nahasmendu kasuetan, profila nabarmen maskulinoa da; buruko nahaste arruntetan eta nortasun-nahasmenduetan, berriz, profilak gehienbat femeninoak dira. Arreta psikiatrikoko eta osasun mentaleko eskaera guztien erdiak buruko nahasmendu arrunten ondorio dira, eta feminizatuena da nahasmendu mota hau, emakumeak lagin osoaren %65 baitira. Talde horretan, emakumeek gizonek baino probabilitate txikiagoa dute eurentzat proba diagnostiko osagarriak eskatzeko, eta, aldi berean, gizonei baino antsiolitiko gehiago agintzen zaie.

Substantziak erabiltzeagatik sortutako nahasmenduak emakumeen artean gutxiegi diagnostikatuta daudela salatu dute: "Emakumeengan partzialki ezkutatuta egoteak indarkeriarako eta sexu-erasoetarako arrisku handiagoko egoeretan jartzen ditu, besteak beste. Adikzio-unitateek gizonezko erabiltzaile gehiago dituzte eta gauza bera gertatzen da errehabilitazio-komunitateekin. Komunitate terapeutiko batean bizitzeko baldintzetako bat ohiko ingurunetik isolatzea da, eta hori zaila izaten da emakumeen kasuan, batez ere ardurapeko adingabeak badituzte edo familiako beste kide batzuk zaintzeaz arduratzen badira. Deigarria da paziente talde horretan emakumeei depresioaren aurkako %80 farmako gehiago agintzen zaizkiela, eta ondorioztatu daiteke depresioa duten pazienteak bezala artatuak direla, kasu askotan mendekotasun-arazoa dutenean", azaldu du Emakundek.

Nortasun-nahasmenduaren kasuan, emakumeei maizago diagnostikatzen zaiela jakinarazi dute, eta antidepresiboak gehiago errezetatzeko joera ere badagoela; "horrek baieztatzen du diagnostiko-talde berean sexuaren arabera desberdin ebaluatzen eta jokatzen dela. Azterlanaren arabera, beharrezkoa da esparru klinikoan hausnarketarako guneak sortzea, eskaria birbideratzen eta adierazten laguntzeko: benetako eredu biopsikosoziala praktika klinikoan txertatzea eta genero-ikuspegia duen osasuna sustatzeko estrategiak sustatzea".

Ikerketaren txosten osoa eta laburpena eskuragai daude Emakunderen webgunean, gaztelaniaz.