Emakumeek Bizkaiko meatzaritzan izandako eragina azaltzen duen erakusketa jarri dute Trapagaranen
Burdinazko emakumeak: historia eta memoria izeneko erakusketa Trapagarango Zugaztietan kokatu dute, emakumeek Bizkaiko meatzaritzaren historian izan duten eginkizuna agerian jartzeko asmoz.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuaren hitzetan, emakumeak Bizkaiko meatzaritzaren historian izan direna "ezkutatu egin da": "Historia epiko bat kontatu digute, kontatu diogu geure buruari... baina gizonezkoen historia bat. Gizonezkoak izan dituena protagonista: gizonak meategietan lanean, sindikatuetan, alderdi politikoetan, udaletan, meategien jabe ziren enpresetan, gizonak betiere grebak menderatzera etorri ziren gudarosteetan, gobernu zibil eta militarretan... gizonak, gizonak, gizonak... Bai, eta halaxe izan zen. Baina ez hala bakarrik. Gizonak ez ziren protagonista bakar izan epikaren eta aldaketa historikoaren hamarkada haietan".
"Burdinazko emakumeek meategietan lan egin zuten, eta, horretan zihardutenak gutxi izan arren, era berean hartu behar izan zuten euren bizkar gainean zorigaiztoko etxe haien zama, betiere pertsonentzat bainoago animalientzat pentsatua zegoen ustiapen ekonomikoko sistema baten pean", gaineratu du.
Erakusketan Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak utzitako argazki-artxiboak eta objektuak ikus daitezke, eta AHOAk ondare immaterialaren artxiboaren bidez, QR kodeak erabilita, garai hura bizi zutenei eginiko elkarrizketen audioak ere entzun daitezke.
Ortuellan eta Muskizen ere ikusi ahal izango da erakusketa, eta, ondoren, Gallartako Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoan kokatuko dute behin betiko. Bertan, oroitzapenezko plaka bat jarri zen eta liburu bat ere egin dute.
