'Emakumeak Zientzian' ekimenaren zazpigarren edizioa egingo dute otsailean

'Emakumeak Zientzian' ekimenaren zazpigarren edizioa egingo dute otsailean Zientzia eta teknologia berdinzaleagoa sustatzea du helburu egitasmoak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeak-zientzian-ekimenaren-zazpigarren-edizioa-egingo-dute-otsailean/@@download/image/Emakumeak Zientzian 2023.jpeg
2023/01/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Zientzia eta teknologia berdinzaleagoa sustatzea du helburu egitasmoak.
'Emakumeak Zientzian' ekimenaren zazpigarren edizioa egingo dute otsailean

Otsailaren 11n izaten da Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna eta, horren harira, hogeita lau euskal erakundek bat egin dute Emakumeak Zientzian proiektuaren zazpigarren edizioko jardueren programa antolatzeko, zientzian aritzen diren emakumeen lana ikusarazi, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua diren ustea apurtu, eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzeko asmoz. 

Antolatzaileen hitzetan, “azpimarratu nahi dugu emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna ezinbestekoa dela pertsona guztientzat sarbide eta garapen profesional berdinzalea bultzatzeko. Horregatik, deialdi berezi bat egin nahi dugu aurten, eta guztiok gonbidatu nahi zaituztegu, edozein dela ere generoa, nortasuna, lanbidea edo adina, ekintzetan parte hartzera”. 

Batik bat otsailaren 8tik 17ra bitarteko astean egingo dira Emakumeak Zientzian ekimenaren jarduerak. 50 ekintza eta sorpresa baino gehiago izango dira eta era askotako ikerketa-eremuak jorratuko dira. Gipuzkoan eta Bizkaian egingo dira jarduerak, hiriburuetan batez ere. 

Otsailaren 8an emango diote hasiera egitarauari, jai giroan, Donostian. Ekimenari lotutako erakunde eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten emakumezko zientzialari eta teknologo guztiak omenduko dituzte bertan. Bestalde, Janus Lester artistak eta kausaren aliatuek osatutako Emakumeak Zientzian himnoa aurkeztuko da. 

Hortik aurrera, askotariko ekintzak izango dira: nerabeentzako ingeniaritza- eta nanozientzia-tailerrak, mahai-inguruak, ikerketa-zentroetara bisitak, orientazio akademikoarekin inguruko saioa irakasleentzat, ikertzaileak eskoletara joango dira,  Zientziaren Izarrak esperimentu-tailerrak, Zientziaren Altxorra jokoa, eta Ginkana zientifikoa, besteak beste. Halaber, 55 urtetik gorako emakumeentzako Esperientziaren boterea izeneko tailerrak antolatu dira, emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko. Zenbait esperimentu labur eta erraz erakutsiko zaizkie, edozein lekutan egiteko modukoak, kultura zientifikoa familietara eta ingurunera zabaltzeko. Bestalde, Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur zientzia-ekitaldia izango da, Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan eta Bilboko Bidebarrieta liburutegian. Ikerketa-zentroetan lan egiten duten zenbait emakumek beren ikerketei buruz hitz egingo dute eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omenduko dituzte, haien bizitzen eta ekarpen zientifikoen berri emanez. 

Egitaraua www.emakumeakzientzian.eus webgunean kontsulta daiteke, eta dagoeneko irekita dago ekintzetan izena emateko epea.