'Emakumeak zientzian' ekimenaren baitako ekintzak egingo dituzte otsailean

'Emakumeak zientzian' ekimenaren baitako ekintzak egingo dituzte otsailean Familientzako tailer eta jolasak, nerabeentzako ingenieritza eta nanozientzia tailerrak, emakumeentzako esperimentu-lantegiak, film proiekzioak eta erakusketak izango dira, besteak beste, Donostian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeak-zientzian-ekimenaren-baitako-ekintzak-egingo-dituzte-otsailean/@@download/image/zientzia bada nesken kontua.png
2022/01/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Familientzako tailer eta jolasak, nerabeentzako ingenieritza eta nanozientzia tailerrak, emakumeentzako esperimentu-lantegiak, film proiekzioak eta erakusketak izango dira, besteak beste, Donostian.
'Emakumeak zientzian' ekimenaren baitako ekintzak egingo dituzte otsailean

Urtez urte hazten ari den Emakumeak Zientzian proiektuaren seigarren edizioa aurkeztu berri dute. Ekimenaren helburuak honako hauek dira: zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua diren ustea apurtzea, eta neskek eta nerabeek zientzia-ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izaten da eta egun hori hartuko dute abiapuntu Emakumeak Zientzian 2022 ekimenaren ekintzekin hasteko Donostian. Era askotako jardueraz osatutako programa zabala antolatu dute, “zientzia bada nesken kontua” mezua ahalik eta pertsona gehienei helarazteko, eta "zientziaren eta teknologiaren eremuan sarbide eta garapen profesional berdinzalea" lortzeak duen garrantzia azpimarratzeko.

Antolatzaileek adierazi dutenez, adin guztietako jendeak izango du ekimenean parte hartzeko aukera. Esaterako, familientzako Zientziaren Izarrak esperimentu-tailerrak eskainiko dira Eureka! Zientzia Museoan, altxorraren bila joko ezagunean oinarritutako Zientziaren Altxorra jokoa, eta Piztu! Emakumeon energia antzezlan dibertigarria. Nerabeentzako ingeniaritza eta nanozientzia tailerrak izango dira, eta eskolek mahai-inguru batean parte hartu eta zenbait ikerketa-zentro bisitatzeko aukera izango dute. Irakasleentzako orientazio akademikoarekin lotutako saio berezia ere egingo dute, etorkizuneko belaunaldientzat erreferentzia izango diren eredu errealak aurkezteko helburuz.

Emakume helduek kulturaren transmisioan duten zeregina balioesteko, 55 urtetik gorako emakumeentzako tailerrak antolatu dira. Esperientziaren boterea izenburua izango du ekintza horrek: zenbait esperimentu labur eta erraz helaraziko zaizkie, edozein lekutan egiteko modukoak, kultura zientifikoa familietan eta inguruan zabal dadin. Era berean, publiko orokorrarentzako saio berezi bat antolatu da Zinema eta Zientzia Zikloaren baitan. Gorilas en la Niebla filmaren lau proiekzio egingo dira Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean. Bestetik, urtetik urtera errepikatzen den Emakume Zientzialariak Atzo eta Gaur zientzia-ekitaldia izango da, Victoria Eugenia antzokiko Club Aretoan. Gipuzkoako hainbat ikerketa-zentroetan lan egiten duten sei emakumezko igoko dira oholtzara beren ikerketei buruz hitz egiteko eta historiako emakume zientzialari handietako batzuk omentzeko, "haien bizitza liluragarrien eta ekarpen zientifikoen" berri emanez. 

Halaber, bi erakusketa ere bisitatu ahal izango dira: bata, Eureka! Zientzia Museoan eta, bestea, Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoaren eraikin nagusian. Gainera, berrikuntza eta proba pilotu gisa, Donostian, hiriguneko saltoki batzuekin elkarlanean, erakusleihoetan beren ibilbide bikainagatik nabarmentzen diren emakumezko zientzialariak omentzeko ekimena jarri dute martxan. 

Jarduera-programa osoa ikusgai dago www.emakumeakzientzian.eus webgunean. Jarduerak aurrez aurrekoak, birtualak edo hibridoak izango dira. 

Emakumeak Zientzian ekimenaren seigarren edizioa antolatu duten hamazpi erakundeak Euskadiko zientzia eta teknologiaren sarearen parte dira: POLYMAT, CIC nanoGUNE, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingenieria, Ceit, Eureka! Zientzia Museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, UPV/EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea.