Emakumea pandemia eragiten ari den inpaktu sozial eta ekonomikotik babesteko neurriak munduko herrialdeen %12ak bakarrik dituzte

Munduko herrialde gehienak ez dituzte emakumeak eta haurrak pandemiak dakarren krisitik babesteko inongo neurririk hartu. Hala dio NBEak astelehen honetan argitaratutako txostenak. Txosten honek 206 herrialde aztertu ditu eta baita pandemia dela eta hartutako 2.517 neurri ere. Horietatik, genero ikuspegia dutenak 992 dira.
Honela, emaitzen arabera 25 herrialdek soilik, %12k, barneratu dituzte genero ikuspegia duten neurriak. Hauek dira guztira emakumeen alde pandemia garaian neurriak hartu dituzten herrialdeak: Albania, Angola, Argentina, Bolivia, Kanada, Txile, Txina, Costa Rica, Egipto, Espainia, India, Indonesia, Italia, Letonia, Malta, Mexiko, Herbehereak, Zeelanda Berria, Peru, Errumania, Errusia, Serbia, Eslovenia, Trinidad eta Tobago eta Estatu Batuak. Beste aldean daude beste 42 herrialde (%20) ez dutena inongo genero neurririk pandemia garai honetan.
Genero biolentziaren aurkako neurriak nagusiki
Argi geratu da Covid-19aren krisiak gogor eragin diola emakumeari: euren erasotzaileekin konfinatuta egon beharra batetik edo babesik gabeko lanak eginez bestetik, askotan ordaindu gabe. Oro har, gobernuek euren ahaleginak emakumeen aurkako biolentzian erdiratu dituzte. Honela emakume eta haur hauentzat lehendik zeuden babeslekuak indartu dira eta salaketa bide berriak ere zabaldu dira.
Alta, babes sozialari dagokionez, zaintza eta lanpostuei lotutakoa, emakumeen beharrei entzungor egin diete neurri gehienek. Soilik 177 neurrik hartu dituzte kontuan alderdi hauek 85 herrialdetan.
Ekintza hauek eraginkorrak izango dira egoki finantzatzen badira soilik
Txostenean ateratako ondorioak argi uzten dute neurri hauek eraginkorrak izango direla modu egokian finantzatzen badira eta epe luzera mantentzen badira. Honela, NBEak gomendatzen du emakumeen aldeko zerbitzu hauek oinarrizko zerbitzu izendatzea eta finantziazio egoki bat esleitzea. Bestalde, argi uzten du gobernuek lider postuetan emakumeak modu aktiboan parte hartzea ahalbidetu behar dutela, pandemiaren efektu negatibo guztiak kontuan hartu daitezen.
Izan ere, gauzak egoki egiten badira, Covid-19aren krisia herrialdeen eredu ekonomiko eta sozialak transformatzeko baliagarria izan daiteke, berdintasuna eta justizia lehenetsiz.