EMAKUMEAK MUNDUAN

EMAKUMEAK MUNDUAN MUGAK ZABALTZEN https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeak-munduan/@@download/image/JAN MORRIS_02.jpg
2021/04/06

Testua: Xabat Izagirre

MUGAK ZABALTZEN
EMAKUMEAK  MUNDUAN

Urtebete igaro da jada koronabirusaren tsunamiak ezustean harrapatu gintuenetik, gure ongizate-estatua hankaz gora jarriz. Egun, aste eta hilabete luzeak izan dira askorentzat, amaigabea dirudien ekaitz honek noiz atertuko duen zain. Nire kasuan, etxean babestuta eta epe ertainera bidaiatzeko aukerarik gabe, bidaia-liburuak izan dira lasaigarri nagusia. Aitzindari izan ziren esploratzaile eta abenturazaleen istorio liluragarriak irakurtzea izan da nire denbora-pasa. Pertsonaia erreferenteen artean, tamalez, gizonezkoak soilik topatzeak ez ninduen harritu: David Livingstone, James Cook, Ryszard Kapuscinski, etab. Hala ere, emakume asko izan dira, ezarritako tradizio eta arauei aurre eginez, bidaiaren mundu zabalean aztarna sakon eta eredugarria uzten ari direnak. Ondorengo lerroetan hurrengo belaunaldiei bidea irekitzea ahalbideratu duten hainbat erreferente aurkeztu nahi dizkizuet.

 

AMI VITALE   
“Argazki kamera sekulako tresna da kulturen eta herrialdeen artean kontzientzia eta ulermena sortzeko, munduko herritarrok amankomunean ditugun ezaugarriei zentzua emateko gailua da”. Ami Vitale argazkilari estatubatuarraren hitzak dira, munduko narratzaile bisual garrantzitsuenetakoa. World Press Photo sari ospetsua, besteak beste, bost aldiz eskuratu du. Ripple Effect Images elkartearen sortzaileetako bat da, garapen bidean dauden herrialdeetako emakumeei klima-aldaketak nola eragiten dien istorioak ezagutaraztea helburu duen zientzialari, idazle, argazkilari eta zinemagileen kolektibokoa. Vitaleren lan aparta osotasunean ezagutzeko bere web-orria www.amivitale.com arakatzea biziki gomendatzen dizut.

 

DERVLA MURPHY  
Bidaia epikoen istorioak gustuko badituzu, Dervla Murphy irlandarraren bizitzak aho zabalik utziko zaitu. 1931. urtean Lismore herrixkan jaiotako emakume honek 10 urte zituenean jasotako bi opari bere bizitzaren iparrorratz bilakatu ziren: bizikleta eta atlasa. Txirrindulari amorratua, 1963. urtean bere lehen abentura handiari ekin zion: bakarrik, bere bizikleta eta bizirauteko gutxienekoarekin bere jaioterritik Indiaraino joan zen. Bidaian zehar bizitako anekdota sinistezinak Full Tilt (Abiadura Bizian) liburuan daude irakurgai. Ondorengo hamarkadetan munduko bazterrak esploratuz, aktibista politiko eta ekologiko nekaezina bilakatu zen. Guztira 26 liburu argitaratu ditu eta 2019. urtean Royal Geographic Society ‘s Ness Award saria jaso zuen “geografia bidaia-literaturaren bidez ezagutarazteagatik”.

 

JAN MORRIS  
James Humphrey Morris izenarekin jaioa, historialari eta bidaia-idazle galestar sutsu hau transexualen eskubideen defentsaren aitzindarietako bat izan zen. Britainiar armadarekin Bigarren Mundu Gerran parte hartu ondoren, The Times egunkarian idazten hasi zen eta 27 urterekin Edmund Hillary eta Tenzing Norgay Everesteko tontorreraino eramango zituen espedizioa osatu zuen. Ondorengo urteetan mundu mailako kazetaritzako erreferenteetako bat bilakatu arren, bere barneko ezinegonak depresiora eraman zuen. 1954. urtean sexu-aldaketaren prozesu luze bati ekin zion eta 1972an ofizialki Jan Morris izena hartu zuen. Dozenaka liburu zoragarri idatzi zituen, batez ere bidaiei buruzkoak, bere bizitzan zehar. Bere obra ezagunena, Conundrum, transexualitatea zintzotasunez landu zuen lehen liburuetako bat izan zen. 

 

ROSIE SWALE POPE   
Kirolzaleak garenontzat sufrimentu gaitasun eta atalase handiak izatea oso garrantzitsua da. Nire kasuan, izerdi-patsetan amore emateko zorian nagoenean, Rosie Swale Pope britainiarraren istorio txundigarria sarritan datorkit burura. Kirolari amorratua, munduko txoko urrunenak itsasontziz, zaldiz, bizikletaz edota korrika esploratu ditu. Erronka guztien artean, prostatako minbiziaren ikerketarako dirua lortzeko 2003an hasitako abenturak sinesgaitza dirudi: bere 57. urtebetetze egunean Galesen hasi eta 5 urtez korrika munduari bira eman zion, guztira 32.000 kilometro egin zituen. Batezbestestekoa ikustea nahikoa da zailtasunaz jabetzeko: eguneko 18 kilometro egin zituen, 5 urtez! Just a Little Run Around the World liburuan bidai honetan bizitako guztia kontatzen du.

 

JUNKO TAIBEI   
1939an Miharun (Japonia) jaioa, erreferente izan zen ez bakarrik mendizaletasunaren munduan, baita emakumeen askatasunaren aldeko borrokan ere. 1969an emakumeentzako lehen mendi taldea sortu zuen eta urtebete beranduago lehen espedizio handia burutu zuten: Annapurnara igoera. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 1975ko emakumearen nazioarteko urtea ospatzeko Nepalgo gobernuak Taibeiren mendi taldeari Everestera igotzeko baimena eman zion. Arazoak arazo (elur-jausi baten ondorioz ia bizia galdu zuen) igotzea lortu zuten, “umeak zaintzen egon beharko zenukete” zioen garaiko gizarteari zaplastekoa emanez. Bere bizitza mendien kontserbazioaren alde borrokatzen eman zuen, planetako mendi ospetsuenen masifikazioa gogor kritikatuz. Honoring High Places, Junko Tabeiren memorietan oinarritutako istorio pertsonalen eta hausnarketen bilduma, irakurketa zirarragarria da.