Emakumeak eta elikadura subiranotasuna lehen planoan

Emakumeak eta elikadura subiranotasuna lehen planoan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeak-eta-elikadura-subiranotasuna-lehen-planoan/@@download/image/20127193880emakumeak_subiranotasuna.jpg
2012/12/13
berria
Euskadi-Kuba elkarteak eta EHNE Bizkaia sindikatuak elkarlanean egindako kanpainaren parte da 'Emakumeak, elikadura subiranotasunaren protagonista. Kubatarren eta euskaldunen bizipenak' izeneko erakusketa ibiltaria. Uztailaren 17tik irailaren 3ra bitarte bisita daiteke Donostian.

Hainbat emakumek eta erakundek, tartean Nekazari Txikien Elkarte Nazionala eta EHNE Bizkaia sindikatua –biak hala biak La Via Campesina nazioarteko nekazaritza mugimenduko kide–, Kuban zein Euskal Herrian elikadura subiranotasunaren alde egindako lana bildu dute Josu Trueba eta Pau Coll egileen argazki dokumentalek. Guztiak ikusgai izango dira Donostiako Cristina Enea Fundazioaren egoitzan uztailaren 17tik irailaren 3ra bitarte, 9:30etatik 13:30etara eta 15:00etatik 20:00etara bitarte; igandetan 10:00etatik 13:30etara.

Euskadi-Kuba Kubarekiko laguntasun eta kooperaziorako euskal elkarteak elikadura subiranotasunaren garrantziaz ohartarazi nahi du erakusketa ibiltari honen bidez: "Elikadura subiranotasuna deritzo, hain zuzen, herritar guztien elikatze eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren elikagaiak ekoizteko, banatzeko eta kontsumitzeko politika nahiz estrategia propio eta iraunkorrak definitzeko herriek duten eskubideari. Ekoizle txikiak eta ertainak ardatz dituen sistema horren bidez, nekazaritzako nahiz abeltzaintzako produktuak ekoizteko, produktu horiek merkaturatzeko eta landa-eremuak kudeatzeko nekazarien, arrantzaleen nahiz indigenen ohitura aniztasunak eta kulturak errespetatzen dira eta emakumeek funtsezko eginkizuna dute horietan guztietan".


Argazkien egileak


Josu Trueba Leiva (Galdakao, 1981)
Argazkigintza dokumentalean ari da 2007 urteaz geroztik. Lantzen dituen gaiei buruzko eztabaidak sortzea izan da beti bere helburua. Besteak beste, sabanaketa, HIESa, okupazioa eta punka jorratu ditu.
 
Pau Coll (Badalona, 1983)
Institut d'Estudis Fotografics de Catalunya institutuan ikasi zuen, eta argazkigintza dokumentalean espezialdu da. RUIDO Photo taldearen sortzaileetako bat izateaz gain, talde horren baitan garatu du bere ibilbidea, eta argazkigintza gizartea aldatzeko tresna gisa erabiltzen du.