Emakumeak eta belaunaldi berriak izango dira protagonista Getxoko Folk Jaialdian

Getxoko Folk Jaialdiaren 38.edizioa atzo abiatu zen Ana Alcaide Ritualen emanaldiarekin, baina beste hainbat ikuskizunez gozatzeko aukera izango da igandera bitarte. Hamahiru emanaldi izango dira guztira eta horietako zortzi Algortako Portu Zaharrean egingo dituzte, ordainpekoak, berriz, Muxikaberri zentroan izango dira. Azken agertoki honetan bestelako soinu batzuk ere izango dira, artista belaunaldi berrien aldetik.
Gaur, Tanxugueiras hirukote galiziarra arituko da. "Berrikuntza eta abangoardia irudikatzen ditu antzinako musika egungo beste erritmo eta joerak uztartuz, esaterako trap eta doinu elektronikoekin", azaldu dute antolatzaileek. Bihar, berriz, Uxia, Martirio, Carmen Paris eta Ugia Pedreirak osatutako Enredadas taldea izango da oholtza gainean. Kopla, jota edo alalak beste genero batzuekin uztartzen dituzte.
Larunbatean, Maria Arnal i Marcel Bagésen txanda izango da. Clamor bere bigarren lana aurkeztuko dute Badalonako abeslariak eta Flixeko gitarra-jotzaileak, David Soler gitarristak lagunduta. Kontzertu nagusietan azkena igandekoa izango da eta Neomak taldea arituko da. Konponketa elektronikoak ahotsekin, perkusio indartsuekin eta trikitiarekin uztartzen dituzte.
Portu Zaharreko emanaldiak
Portu Zaharrean ere egingo dituzte kontzertuak, doan. Arratsaldeko seietan izango diren emanaldietan honako hauek arituko dira: El Pony Pisador talde katalana, Nafarroako herri musika eskainiko duen Mielotxin, Asturiasko tradizioa erakutsiko duen Eva Tejedor y Les Pandereteres, eta kalipso eta Cadizko inauterietako erritmoen inguruan ibiliko diren Cadipsonians Band.
Gauean ere izango da musikaz gozatzeko aukera, 23:00etatik aurrera. Bere 30.urteurrena ospatzen ari den Gozategi taldea izango da bihar, eta Kataluniako Buhos arituko da larunbatean.
Bestalde, familiei zuzendutako ikuskizunak, txistulari eta trikitilarien kalejirak eta buruhandi eta erraldoiak ere izango dira.