"Emakumeak, elikadura-subiranotasunaren protagonistak" erakusketa ikusgai da Gasteizen

"Emakumeak, elikadura-subiranotasunaren protagonistak" erakusketa ikusgai da Gasteizen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakumeak-elikadurasubiranotasunaren-protagonistak-erakusketa-ikusgai-da-gasteizen/@@download/image/20124112462Kuba_Erakusketa_Kartela_2.jpg
2012/12/13
berria
"Emakumeak, elikadura-subiranotasunaren protagonistak" erakusketa ikusgai da Gasteizen
Kubarekiko laguntasun eta kooperazio euskal elkarteak lagunduta, 'Emakumeak, elikadura-subiranotasunaren protagonistak. Kubatarren eta euskaldunen bizipenak' argazki erakusketa zabaldu zuten atzo Gasteizko Judimendiko Gizarte Etxean. Hilaren 20ra bitarte izango da ikusgai, astelehenetik igandera, goizeko 8:00etatik 22:00etara.

Euskadi-Cuba elkarteak eta EHNE-Bizkaia sindikatuak elkarlanean egindako kanpainaren parte da erakusketa, eta justizian eta berdintasunean oinarritutako elikadura-subiranotasunaren aldeko apustuarekin bat egin du horrela elkarteak.

Elikadura-subiranotasuna, hain zuzen, herritar guztien elikatze-eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren elikagaien ekoizpen, banaketa eta kontsumo politika nahiz estrategia propio eta iraunkorrak definitzeko herritarren eskubidea da. Horietan emakumezkoek funtsezko eginkizuna dute.

Ekoizle txikiak eta ertainak ardatz dituen sisteman, nekazaritzako zein abeltzaintzako produktuak ekoitzi, banatu eta merkaturatzeko nekazari, arrantzale zein indigenen ohiturak eta kulturak errespetatu behar dira. Hainbat emakumek eta erakundeak Kuban zein Euskal Herrian egindako lana bildu dute Josu Truebaren eta Pau Collen argazki dokumentalek, eta guztiak ikusgai jarri dituzte Gasteizen.

Argazkilariak


Josu Trueva Leiva
Galdakaoko gaztea 2007az geroztik ari da argazkigintza dokumentala lantzen, eta bere lanaren bidez eztabaidak sortzea du helburu; besteak beste, sakabanaketa, HIESa, okupazioa edota punk-a bezalako gaiak jorratu ditu.

Pau Coll
Kataluniarra argazkigintza dokumentalean espezializatua da, eta RUIDO Photo taldearen sortzaileetako bat da. Argazkigintza gizartea aldatzeko tresna moduan erabiltzen du.