Emakume zuzendari berrien film luzeen proiektuak babestu eta bultzatzeko 'Noka' deialdia martxan da
Eusko Jaurlaritzak eta Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloak koordinatzen duten Noka Mentoring programak Euskal Herriko zuzendari berrien proiektuak tutorizatu, lagundu eta bultzatzeko asmoa du. Fikziozko edo ez- fikziozko film luzeko proiektuak dituzten emakume zinemagile berriei zuzenduta dago, lehen edo bigarren film luzea dutenei hain zuzen ere.
Pograma honek denbora, espazioa, testuingurua, akonpainamendu profesionala eta lau mila euroko dirulaguntza eskaintzen die zuzendari parte-hartzaileei euren filmen hasierako fasean; zuzendari-txosten sendoa eta gidoiaren lehen tratamendua egiten lagunduko diete, eremu zinematografikoan gaur egun eskaintzen diren garapen-laguntzak eskuratzeko aukera izan dezaten, bai Eusko Jaurlaritzakoak, bai ICAAkoak (Kultura Ministerioko Zine eta Ikus-entzunezko Institutua), eta baita nazioarteko industria zinematografikoko foro profesional eta erresidentzietara aurkez daitezen ere.
Hiru tutore izango dira prozesu osoan: Jaione Camborda, Virginia Garcia del Pino eta Estibaliz Urresola. Eurek hautatutako hiru proiekturen jarraipena egingo dute. Tutoretzetan bi alderdi konbinatuko dira: batetik, film baten ideazio-prozesura sormenaren bidez hurbiltzea eta, bestetik, proiektu horiek merkatuan eta zinemaren industrian txertatzeko beharrezkoak diren moduluen eskaintza.
Proiektuak aurkezteko epea otsailaren 26an amaituko da. Deialdiaren oinarriak hemen kontsulta daitezke.
