Emakume zinemagileentzako 'Gela bat norberarena' egonaldi artistikoan parte hartzeko deialdia egin dute

Emakume zinemagileentzako 'Gela bat norberarena' egonaldi artistikoan parte hartzeko deialdia egin dute Gela bat, laguntza ekonomikoa eta mentoretzak izango ditu aukeratutako artistak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-zinemagileentzako-gela-bat-norberarena-egonaldi-artistikoan-parte-hartzeko-deialdia-egin-dute/@@download/image/pexels-pixabay-265004.jpg
2022/08/04
 

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

 

 

Gela bat, laguntza ekonomikoa eta mentoretzak izango ditu aukeratutako artistak.
Emakume zinemagileentzako 'Gela bat norberarena' egonaldi artistikoan parte hartzeko deialdia egin dute

Etxe beteak Gela bat norberarena izeneko egoitza artistikoa sortu zuen 2017an Virginia Woolfen omenez. Naiara Carmona eta Estibaliz Urresola artistek parte hartu zuten lehen bi edizioetan. Etenaldiaren ondoren, berriz jarri dute martxan eta hainbat berrikuntza iragarri dituzte gainera. Izan ere, hautatutako artistari gela fisiko bat eskainiko zaio Bilboko eraikin enblematiko batean. Horretaz gain, parte-hartzaileak 15.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du.

Bestalde, mentoretzen kopuruak ere gora egin duela jakinarazi dute eta, ondorioz, zuzendaritza, gidoia, ekoizpena, soinua, zuzendaritza artistikoa, jatorrizko musika edo argazki-zuzendaritza landuko dira besteak beste. Gainera, bidelaguntza feminista edukiko dute eta zineman lan egiteko formula feministak bilatuko dira. Bestetik, beren proiektuak garatzen ari diren euskal emakume zinemagile talde bat gonbidatuko dute, laguntza-talde sortzaile gisa aukeratutako zinemagilearekin batera parte hartzera. Gonbidatutako sortzaile horiek ere parte hartuko dute mentoretzetan.

Mentoretzak 2022ko urritik 2023ko ekainera bitartean egingo dira, aukeratutako zinemagilearekin eta gonbidatutako sortzaileekin bildu ondoren adostutako garaian. Egoitza horren ezaugarri nagusietako bat malgutasuna izango da, eta horregatik, sortzaileen beharren arabera egokituko da ikastaroa.

Egoitza artistikoa adin, nazionalitate eta esperientzia guztietako emakumeei zuzenduta egongo da, baina nahitaezkoa izango da hasierako garapen-fasean film luze baten proiektua egiteko ideia edukitzea. 

Proiektuak irailaren 15era arte aurkez daitezke lacasallena.bilbao@gmail.com helbidean. Oinarriak eta bestelako xehetasunak hemen kontsulta daitezke.