Emakume zinemagileei zuzendutako 'Gela bat norberarena' eta ‘Elkarrekin Sortzen’ programetarako hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu dute
Etxe Betea egitasmoak emakumeen sorkuntza zinematografikoa babesteko 2027ko bi programetarako deialdia ireki du. Edizio berriak 2027ko urtarrilean hasiko dira, eta lanerako guneak, akonpainamendu profesionala, aholkularitza eta sortzaileen arteko trukeak eskainiko dituzte.
'Gela bat norberarena' programak lau proiektu hautatuko ditu, eta lau hilabeteko bi alditan garatuko da. 'Elkarrekin Sortzen', berriz, 2027ko urtarriletik ekainera bitartean egingo dute.
'Etxe bat norberarena' programaren zazpigarren deialdia izango da, eta emakume zinemagileak lagunduko ditu haien film luzeen proiektuak garatzen. Edizio honetan euskarazko bi eta gaztelaniazko bi proiektu hautatuko dituzte, eta egoitza bakoitzak lau hilabeteko iraupena izango du. Udaberrikoa 2027ko urtarriletik apirilera izango da, eta udazkenekoa, 2027ko irailetik abendura.
Hautatutako zinemagileek bi asteko aurrez aurreko lanean parte hartu beharko dute. Banakako lau mentoretza izango dituzte, bi online eta bi aurrez aurre. Egonaldian norbere gela izateaz gain, 2.500 euroko garapen beka jasoko du parte-hartzaile bakoitzak.
Edozein adin, jatorri eta esperientziatako emakumeei zuzenduta dago. Hori bai, hasierako fasean dagoen film luze baten ideia izan beharko dute. Fikziozko edo dokumentalezko telesailak ere aurkeztu ahal izango dira, baldin eta haien hizkuntza nagusia euskara bada.
Hainbat emakumek parte hartu dute aurreko edizioetan, hala nola Estibaliz Urresolak, Mikele Landak, Naia Arantzamendik eta Alba Lozanok.
Elkarrekin sortzeko parada
Etxe Beteak 'Elkarrekin Sortzen' programaren bosgarren deialdia ere jarri du martxan. Parte-hartzaileek beren proiektuak partekatzen dituzte bertan, eta proiektuen inguruko proposamenak eta hobekuntzak lantzen dituzte elkarrekin.
Hurrengo edizioa 2027ko urtarriletik ekainera izango da, eta aurrez aurreko sei topaketa egingo dituzte Etxe Betean. Pitching saio bat ere egingo dute, euskal ikus-entzunezkoen industriako profesionalen aurrean.

Euskal Herrian bizi den edozein adin, jatorri eta esperientziatako emakumeei zuzenduta dago. Proiektuak film luzeak, film laburrak edo telesail edo antzezlan izaerakoak izan daitezke, garapen fase hasiberrian zein aurreratuan, eta euskaraz zein gaztelaniaz. Hautatuek hileroko Bilboko aurrez aurreko saioetara joan beharko dute.
Hainbat zinemagilek parte hartu dute egitasmoan, esaterako Lara Izagirrek, Ainhoa Aierbek, Jone Arriolak, Itziar Lamarkak eta Maitane Carballok.
Hautagaitzak irailaren 16rako aurkeztu
Sortzaile berak deialdi batera edo bietara aurkez dezake proiektua, beti ere baldintzak betetzen baditu. Eskaera online formularioaren bidez egin behar da eta eskatutako dokumentazioa eta erantsi beharko da. Irailaren 16ko 13:00ak baino lehen bidali beharko da guztia.
Hemen kontsulta daiteke deialdien inguruko informazioa.
