Emakume zientzialarien irudiak izango dira Euskal Herriko zenbait hiri eta herritako erakusleihoetan

Emakume zientzialarien irudiak izango dira Euskal Herriko zenbait hiri eta herritako erakusleihoetan Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako hainbat establezimendutan hamabi emakume zientzialariren inguruko ilustrazioak eta informazioa ikusi ahal izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-zientzialarien-irudiak-izango-dira-euskal-herriko-zenbait-hiri-eta-herritako-erakusleihoetan/@@download/image/denda.png
2023/02/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako hainbat establezimendutan hamabi emakume zientzialariren inguruko ilustrazioak eta informazioa ikusi ahal izango da.
Emakume zientzialarien irudiak izango dira Euskal Herriko zenbait hiri eta herritako erakusleihoetan

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izaten da otsailaren 11n, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2016an hala erabakita, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatu eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egun horren harira, Elhuyarrek Otsailaren 11 erakusleihoak ekimena jarri du martxan, eta Bilbo, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Mungia, Elgoibar, Deba, Beasain eta Donostiako 218 saltokik hartuko dute parte. Gehienek gaurtik hilaren 13ra bitartean egingo dute, baina geroago egingo dute Deban, otsailaren 10etik 20ra, Donostian, 10etik 17ra, eta Elgoibarren, martxoaren 1etik 19ra.

Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haien ikerketaren arabera apainduko dute dendako erakusleihoa. 

Aurten, Ginkanan parte hartzeko aukera ere izango da parte hartuko duten hamabi saltoki baino gehiago dauden herrietan. Actionbound aplikazioa jaitsi, eta, dendaz denda, 12 emakumeen kartelak bilatu eta, bertako QRak eskaneatuta, emakumeen inguruko galderei erantzun beharko zaie.

Bestetik, egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarritutako bi erakusketa ere izango dira. Bata, Eureka! Zientzia Museoan izango da, gaurtik otsailaren 17ra arte, zientzia eta teknologia arloko 12 emakumeak omentzeko. Gainera, familientzako esperimentuak antolatuko dira otsailaren 11n eta 12an museoan bertan. Beste erakusketa Barakaldon izango da, Clara Campoamor Zentro Zibikoan, otsailaren 11tik 24ra.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari lotuta, beste hainbat ekintza ere antolatu ditu Elhuyarrek. Teknopolisek saio berezia egingo du otsailaren 11-12ko asteburuan ETB1en eta ETB2n; besteak beste, adimen artifizialaren genero‑alborapenei buruz arituko dira Elena Lazkano Ortega eta Olatz Arbelaitz Gallego UPV/EHUko informatika-ikertzaileekin. Bestalde, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioak ere gai hori izango du hizpide nagusi otsailaren 10eko saioan. Mahai-inguru batean, Kristina Zuzak eta Nadia Conlledok STEAM hezkuntza generoaren ikuspegitik aztertuko dute.

Egitarau osoa honako loturan ikus daiteke:  www.emakumeakzientzian.eus

Emakume zientzialarien egutegia
Bestalde, ekimenean omendutako hamabi emakume zientzialariekin egutegia osatu dute. Honako hauek dira protagonistak: Mari Luz Esteban Galarza medikua eta antropologoa; Maryam Mirzajani matematikaria; Estibaliz Apellaniz Ingunza geologoa; Emma Roca Rodriguez biokimikaria; Dorcas Muthoni ingeniari informatikoa; Homira May Rezai medikua; Melissa Cristina Marquez Villalobos itsas biologoa; Amaia Arranz Otaegi historialaria eta arkeobotanikaria; Sally Ride NASAko fisikaria, dibulgatzailea eta astronauta; Maddi Astigarraga Bergara ingeniari biomedikoa eta ilustratzaile zientifikoa; Ainara Sangroniz Agudo kimikaria; eta Katalin Kariko biokimikaria.

Egutegia hemen jaits daiteke.