'Emakume Sortzaileak Plazara' egitasmoko ekintzak asteburuan

'Emakume Sortzaileak Plazara' egitasmoko ekintzak asteburuan Musika, dantza, ipuinak, olerkiak eta hitzaldia izango dira ekitaldietako osagaietako batzuk. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-sortzailek-plazara-egitasmoko-ekintzak-asteburuan/@@download/image/Garaion_Emakume_Sortzaileak_Plazara_20211014.jpg
2021/10/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Musika, dantza, ipuinak, olerkiak eta hitzaldia izango dira ekitaldietako osagaietako batzuk.
'Emakume Sortzaileak Plazara' egitasmoko ekintzak asteburuan

Ozaetako Garaion Sorgingunean Emakume Sortzaileak Plazara! egitasmoa dute martxan eta mota askotako ekitaldiak ari dira egiten: antzerkia, musika, dantza, hitzaldiak, mahai-inguruak... Udazkena emakumeen sormenez eta euren lanen plazaratzearen inguruko gogoetaz janztea da asmoa, "egitarauak programatzean emakumeen lanak aukera berak ez dituztela" ikusita. "Sormen lanak plazaratu, eskaintzea eta eurekin gozatzea da lehen helburua, baina aldi berean, baita gogoeta egitea, eztabaida piztea, emakume sortzaileak ezagutaraztea, ikusgarritasuna lantzea eta aurrera begira egoera aldatzeko erantzukizunak eskatzea ere. Hau guztia aldatu daiteke, borondate kontua da, sortzaile emakumeak egon badaude eta plaza eurena ere bada", adierazi dute.

Urriaren 15ean eman zioten hasiera ekimenari, eta 23 sortzaileren parte-hartzea izango da guztira: Ane Gebara, Josune Velez de Mendizabal, Ainara Legardon, Haizeatxo, Ningra, Olatz Gorrotxategi, Natalia Suarez, Andrea Berbois, Maite Mugerza, Marina Suarez,  Amaia Bono, Belen Nevado, Odei Arregi, Garazi Lopez de Armentia, Lidia Pousa, Idoia Zabaleta, Iara Solano, Idoia Hernandez H, Maider Galarza, Eneritz Artetxe, Itziar Rekalde, Dorleta Kortazar eta Maite Arrietajauregi Mursego. Sortzaileak aukeratzean kontuan izan dute lurraldetasuna ere, eta emakume gehienak arabarrak dira, EAEn aukera gutxiago izaten dituztela eta. 

Hurrengo ekitaldiak asteburuan egingo dituzte. Bihar, ostirala,12:00etan, ipuinak, dantza garaikidea eta flamenkoa izango diraOdei Arregi, Garazi Lopez de Armentia eta Lidia Pousaren eskutik. Larunbatean, 11:00etatik 12:00etara, Natura eta Dardara soinu paseoa egingo dute Idoia Zabaletarekin. 11:00etatik 19:00etara bitartean, berriz, jakuzzi batean banakako entzungai-bainua antolatu dute, Iara Solanoren bidez. Horretarako, bainujantzi eta toallarekin joateko deia egin dute. Igandean, hilak 31, hitzaldia, olerkia eta musika uztartuko dituzte Eneritz Artetxe, Idoia Hernandez eta Maider Galarzarekin. 12:30ean izango da hori eta, ordubete geroago, nagusientzako ipuinak kontatuko dituzte Itziar Rekalde eta Dorleta Kortazarrek.

Azken ekitaldia azaroaren 19an egingo dute eta musikarekin emango diote itxiera. Maite Arroitajauregi Mursego, Ainara Legardon eta Idoia Hernandez H arituko dira musika emanaldia eskaintzen.

Urtero egin nahiko luketen ekimena dela adierazi dute, "asko eta asko direlako Euskal Herri mailan sortze lanetan diharduten emakumeak, eta euren lanak maila publikora iristeko ezina dutenak".