Emakume kontsumitzailearekiko ezjakintasuna

Emakume kontsumitzailearekiko ezjakintasuna https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-kontsumitzailearekiko-ezjakintasuna/@@download/image/drogak_1455094691.jpg
2016/02/10
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua @Ailaket elkartea
Emakumeek egiten duten drogen erabilera, oro har, ezezaguna da, uste baita soilik gizonen praktika dela. Adibidez, drogamenpekotasunen inguruan egin diren ikerketa gehienak mendebaldeko gizonetan oinarrituak dira, emakumea bigarren plano batean edo zuzenean alde batera utzita. Emakumeen droga kontsumoak, beraz, isilarazitako errealitateak dira, eta horren kausa nagusia zera da, praktika horiek gure gizarteak emakumeei ezarritako rolekin bat ez datozela.

Aspaldi banatu ziren gurean espazioak, gizonentzako espazio publikoa eta emakumeentzako pribatua. Banaketa horrek indarrean darrai, eta gizonak dira oraindik ere kaleko aisialdiaren jabe; festa gehienetan publiko maskulinoa ugariagoa da, gaua aurrera doan heinean gizon kopurua askoz nabariagoa da ia beti eta leku guztietan… Eta drogen erabilerarekin gauza bera gertatzen da.
Zalantzarik gabe, gizonek legezko zein legez kanpoko droga gehiago kontsumitzen jarraitzen dute; psikofarmakoak dira salbuespena, eta tabakoaren erabilerak asko egin du gora emakumeen artean azken urteetan. Psikofarmakoen kasua bitxia da, emakumeei erraztasun handiagoarekin gomendatzen zaizkielako, eta hori ere generoari egotzitako rolarekin lotuta dago: emakumeak ahultzat zein histerikotzat hartuak dira.



Drogen arriskuak murrizteko programetan argi geratzen da aurrez aipatutako guztia. Esaterako, herrietako festetan eta jaialdietan burutzen den Ai Laket!! Testing programan mutil gehiagok parte hartzen dute; neskei gehiago kostatzen zaie gerturatzea, bizilagunek beraietaz esan dezaketenaren beldur nagusiki. Gazte lokaletan burututako Lonjalaket! proiektuan ere, maizago egiten dugu topo soilik mutilez osatutako lokalekin, eta mistoak diren lokaletan gizonek eta emakumeek, oro har, funtzio ezberdinak betetzen dituzte.

Emakumeen droga kontsumoa sozialki askoz okerrago ikusita dagoenez, emakumeek beldur, lotsa edota erru sentimendu handiagoak dituzte, eta horrek ez du bakarrik programetako partaidetzan eragiten, baita parte hartzera animatzen diren nesken jarreran edo interesean ere. Horrela, Testingean mutilek eta neskek izaten dituzten jarrerak eta interesak ezberdinak dira. Neskak esku-hartzean lasaiago egoten dira eta material informatiboekiko eta arriskuak murrizteko kontsumigarriekiko interes handiagoa erakusten dute. Mutilak, aldiz, zaratatsuagoak izan ohi dira eta analisian jartzen dute batez ere arreta.

Dena den, geroz eta aurrerapauso gehiago ematen ari dira arlo honetan. Gaiaren inguruko bibliografia azken urteetan ugaritu egin da, emakumeen droga kontsumoaren inguruko ikerketak egin dira, eta geroz eta emakume kontsumitzaile gehiago ikusten dira atentzio guneetan. Izan ere, errealitateari aurre egiteko ezinbestekoa da rol edo funtzio ezberdinen eskema zaharrak aldatzea.

Hainbat datu:


•    Droga kontsumoaren gaineko ikerketa gehienek gizonak dituzte aztergai.
•    Drogen kontsumoa ez dator bat emakumeei gizarteak ezarritako rolekin.
•    Emakume erabiltzaileekiko gaitzespen soziala handiagoa da.
•    Gizonen kontsumoa handiagoa da droga mota gehienen kasuan.
•    Emakumeek lotsa, erru eta beldur sentimendu handiagoak dituzte.
•    Emakumeak gutxiago gerturatzen dira kontsumitzaileei zuzendutako  bitartekoetara.