Emakume ikertzaileen irudiak jarri dituzte 290 saltokitan, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira

Emakume ikertzaileen irudiak jarri dituzte 290 saltokitan, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira Ginkana ere sortu dute erakusleihoetan agertzen diren emakume zientzialarien inguruko galderak erantzunez. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-ikertzaileen-irudiak-jarri-dituzte-290-saltokitan-emakume-eta-neska-zientzialarien-nazioarteko-eguneraren-harira/@@download/image/O-11_kartel-orokorra_EU.jpg
2024/02/02
Ginkana ere sortu dute erakusleihoetan agertzen diren emakume zientzialarien inguruko galderak erantzunez.
Emakume ikertzaileen irudiak jarri dituzte 290 saltokitan, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira

Otsailaren 11n izaten da Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna. 2016an izendatu zuen eguna Nazio Batuen Batzar Nagusiak, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.

Egun honen aitzakian, Otsailaren 11 erakusleihoak ekimena jarri du martxan Elhuyarrek, eta Abanto-Zierbena, Barakaldo, Beasain, Bilbo, Deba, Elgoibar, Gueñes, Ibarra, Laudio, Ordizia, Plentzia eta Zarauzko 290 saltoki ari dira parte hartzen. Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskaini dio erakusleihoa eta harekin loturiko ilustrazioak eta informazioa jasotzen duten horma-irudiak ipini dituzte. Gainera, haren ikerketan inspiratuta apaindu dituzte erakusleihoak. 

Honako hamabi zientzialari hauek hautatu dituzte aurten: Ana Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959), biologoa; Angela Saini (Londres, Erresuma Batua, 1980), zientzia-kazetaria; Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963), ekologoa; Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, Gipuzkoa, 1984), Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea; Ana Teresa Diego (Bahía Blanca, Argentina, 1954-1976);  astronomia-ikaslea eta ekintzaile komunista; Mary Anderson (Greene, AEB), asmatzailea eta ekintzailea; Miriam Friedman Menkin (Riga, Letonia, 1901-1992), genetikaria eta enbriologoa; Elena Ponciano Paino (Durango, Bizkaia, 1980), Arte Plastikoetako eta Ehungintza Arteko Diseinuko goi-mailako teknikaria eta soldadura eta galdaragintzako teknikaria; Wangari Maathai (Ihithe, Kenya, 1940-2011), ingurumenaren aldeko ekintzailea eta politikaria; Chieko Asakawa (Osaka, Japonia, 1958), informatikaria; Gro Harlem Brundtland (Bærum, Norvegia, 1939), medikua eta politikaria; Maia Duguine Haristoy (Hazparne, Lapurdi, 1979), euskal hizkuntzalaria.

Egitasmo honetan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, Emakumeak zientzialari eta teknologo erakusketa izango da Astigarragan, Barakaldon, Bilbon, Plentzian, Zarautzen eta Donostiako Eureka Zientzia Museoan.

Ginkana erakusleihoz erakusleiho
Ginkana jolasa ere antolatu dute herri hauetan: Abanto-Zierbena, Barakaldo, Bilbo, Elgoibar, Gueñes, Laudio eta Ordizia. Ginkanan parte hartzeko Actionbound aplikazioa jaitsi behar da mugikorrean, eta, dendaz denda, omendutako hamabi emakumeen kartelak bilatu eta bertako QRak eskaneatu beharko dira. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bat erantzun beharko da. 

Komunikabideetan zabalkundea
Teknopolis-ek saio berezia egingo du otsailaren 10 eta 11ko asteburuan, ETB1en eta ETB2n. Zientziaren munduak behar duen paradigma-aldaketari buruz arituko dira Uzuri Albizu EHUko ikertzailearekin, eta hainbat belaunalditako emakume zientzialarien esperientziak jasoko dituzte BRTAko ikerketa-zentroetan. Halaber, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilla irratsaioak, otsailaren 9an, Donna Strickland 2018ko fisikako Nobel sariduna elkarrizketatuko du. Historian Nobel sari hori irabazi duen hirugarren emakumea da. Laser-pultsu ultramotzak egitea lortu zuen, eta hauek medikuntzan pintza optiko moduan erabili izan dira.

Emakumeak Zientzian ekimena
Bestalde, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko egunarekin lotuta, Emakumeak zientzian ekimenaren 8. edizioa ere martxan da. Hemen kontsulta daiteke egitarau osoa.