Emakume gehiago kutsatzen ditu GIB-ak

Emakume gehiago kutsatzen ditu GIB-ak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-gehiago-kutsatzen--ditu-gibak/@@download/image/20122292174irit_1360825631.jpg
2012/03/02
erreportajea
Mónica Míguez, Medicusmundi
ONUSIDAren datuen arabera, egunero 2.500 lagun kutsatzen ditu HIESak, eta urtero bi milioi pertsona hiltzen dira gaixotasun honen ondorioz. Herrialde askotan, gainera, emakumezkoek bizi duten egoera askoz okerragoa da: 1986an, HIESak kutsatutako bederatzi pertsonatik bakarra zen emakumezkoa; gaur egun, haatik, emakume bat kutsatzen da hiru gizonezko bakoitzeko.
Hainbeste igo da zenbatekoa, ezen zenbait lekutan kutsatutakoen %52 emakumezkoak baitira. Hainbat ingurutan — gaixotasunak gogorren jo duen inguruetan, hau da, Sahara hegoaldeko herrialdeetan, adibidez—, zenbatekoak nabarmenki egin du gora, eta kutsatutakoen %60 emakumezkoak dira.

Baina zergatik ari da emakumezkoen tasa gorantza, eta aldiz, gizonezkoena ez da horrenbeste areagotu? Emakumeek erabakitzeko duten botere falta da, besteak beste, arrazoi nagusia; hau da, harreman sexualak zein baldintzatan izan nahi dituzten erabakitzeko duten botere faltagatik, eta baita beren bikotekideei antisorgailua erabiltzeko eskatzeko duten indar faltagatik ere. Gaur egun, antisorgailua da HIESetik eta gainerako sexu bidezko gaixotasunetatik babesteko dugun modurik eraginkorrena. Hala ere, emakumezkoek ez dute erabateko babesik sexualitatearen eremuan, eta hori ez da guztiz bermatuko sexu harremanak bidezkoak eta erantzukizunez egindakoak izaten diren arte, ezta emakumearen autonomia eta erabakitze eskubidea aitortzen den arte ere. Sexuen arteko desberdintasunak, diskriminazio egoerak eta emakumeek pairatzen duten indarkeria funtsezko eragileak dira, argi baitago emakumeek kutsatzeko duten arriskua areagotzen dutela.

Alde batetik,  GIB/HIESaren errealitatearen gordintasuna herrialde txiroetan aurkeztea, eta bestetik, gaixotasunaren feminizazioaren zergatiak eta ondorioak azaltzea da Medicusmundi Gipuzkoak eta Peruko Manuela Ramos Mugimenduak antolatutako film laburren lehiaketaren helburua. Izan ere, guztiok egin dezakegu zerbait orbain honekin bukatzeko. 2012ko apirilaren 30a baino lehenago aurkeztu behar dira lanak.