Emakume feminista, antiarrazista eta antiinperialisten inguruko podcasta sortu dute

Emakume feminista, antiarrazista eta antiinperialisten inguruko podcasta sortu dute Emakume horien ekarpenak izango dituzte hizpide eta egungo errealitatearekin ere lotuko dute. Simone de Beauvoirren inguruan aritu dira lehen atalean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-feminista-antiarrazista-eta-antiinperialisten-inguruko-podcasta-sortu-dute/@@download/image/gobara-aurkezpena.jpg
2022/02/22

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Emakume horien ekarpenak izango dituzte hizpide eta egungo errealitatearekin ere lotuko dute. Simone de Beauvoirren inguruan aritu dira lehen atalean.
Emakume feminista, antiarrazista eta antiinperialisten inguruko podcasta sortu dute

Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministak Gobara podcasta sortu du, "etxean garbitu beharrean, trapu zikinak aireratu eta gure genealogia feministetan barrena bidaiatzeko". Hala, feminismoaren alde eta arrazakeriaren zein inperialismoaren aurka bidea urratu duten emakumeak izango dituzte hizpide. Haien ekarpenak jaso eta ezagutarazteaz gain, ideia horiek gaur egungo eztabaida, errealitate eta proposamenekin ere lotuko dituztela jakinarazi dute sortzaileek. 

Pocastaren izena Maialen Lujanbio Zugasti bertsolariak 2009ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako Finalean txapela jantzi berritan kantatutako agurreko bertsoaren hitzetatik hartu dute: "Gogoratzen naiz lehengo amonen,/ zapi gaineko gobaraz,/gogoratzen naiz, lehengo amonaz;/ gaurko amaz ta alabaz (...)". Aukeraketa honen harira, hauxe adierazi dute: "Gobara lehengo amonek buru gainean, errekan edo garbitokian garbitzeko, zeramaten arropa sortari deitzen zaioAhanzturari galga jarri eta aitortza gisara, bertso honetan gogora ekarritako hitza da. Keinu eta aitortza egin zien Maialen Lujanbiok lehengo amona, eta gaurko ama eta alabei".

Hernaniko kontuez eta haragokoez ariko dira, hilero, nagusiki euskaraz izango den podcastean. Landuko dituzten pertsonaiak Kulturarteko Plaza Feministaren sortze prozesuan parte hartutako feministek pentsatu, sentitu eta hautatutakoak izango direla iragarri dute. Ana Iruretagoiena Rodriguez kazetaria izango da gidari, eta irudia, berriz, Uxue Bereziartua Lonbidek, Berexiart, egina da.

Lehen atala, otsailekoa, sareratu dute eta, bertan, Simone de Filosofo frantziarraren ekarpenaz aritu da Irene Arrarats, Bigarren Sexua liburua euskaratu duen itzultzailea. Simone de Beauvoirren ekarpenak gaur egungo mugimendu feministan duen oihartzunaz ere hitz egin du Maider Barañano soziologoak. Kultur proposamen modura, berriz, Bigarren Sexuaz Collage film laburra izan dute hizpide Nora Alberdirekin.

Gobara podcasta entzuteko gonbita luzatu dute sortzaileek, "ikasteko, pedagogia feminista egiteko, desikasteko, gogoetatzeko, ongi pasatzeko, barre zein negar egiteko, amesteko, eraldatzeko, aitortzeko, ezagutzeko... eta askoz gehiagorako".