Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna ospatuko du Elhuyarrek

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna ospatuko du Elhuyarrek “Zientziaren izarrak. Emakumeak itzaletik argira” liburua argitaratuko du otsailaren 11n, eta istorio horietan oinarrituta, otsailaren 20an eta 21ean erakusketa bat egingo dute Donostiako Eureka museoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-eta-neska-zientzialarien-nazioarteko-eguna-ospatuko-du-elhuyarrek/@@download/image/emakumezientzia.jpg
2021/02/05
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

“Zientziaren izarrak. Emakumeak itzaletik argira” liburua argitaratuko du otsailaren 11n, eta istorio horietan oinarrituta, otsailaren 20an eta 21ean erakusketa bat egingo dute Donostiako Eureka museoan.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna ospatuko du Elhuyarrek

Otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hau aukeratu zuen 2016an, emakumeek eta neskek zientzian sarbide eta parte-hartze erabateko eta berdintasunezkoa izatea lortzeko.

Egun berezia izango da Elhuyar Fundazioarentzat, izan ere, hainbat ekimen antolatu ditu data honen inguruan. Fundazioak berak igorritako informazioak zehazten duenez, urte osoan egiten dute lan neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten STEAM hezkuntzaren bitartez, eta, horretarako, emakume zientzialarien lana balioan jarri eta bistaratzen dute, erreferenteak sortzeko. 

Hala, otsailaren 11etik aurrera eskuragarri izango da “Zientziaren izarrak. Emakumeak itzaletik argira” liburua, garai bateko emakume zientzialarien istorioak eta historiak biltzen dituen liburu ilustratua. Elkarren liburu-dendetan erosteko aukera izango da. 

Gainera, istorio horietan oinarrituta, otsailaren 20an eta 21ean erakusketa bat egingo dute Eureka museoan. Erakusketarekin batera, emakume horien omenez, familian lantzeko esperimentuak egingo dira. 

Liburuko ilustrazioak ere kartel bihurtuko dituzte, eta Euskal Herriko hainbat tokitan zabalduko dira bi ekimenen bitartez: batetik, Gipuzkoako ikastetxeetara bidaliko dira ikasleek emakume ikertzaileak eta euren lanak ezagut ditzaten; eta, bestetik, Bizilabe proiektuaren barnean, “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimena egingo du Elhuyarrek Bilbo, Elgoibar, Ermua, Soraluze eta Tolosaldeko herrietan, bertako udal eta garapen-agentziekin elkarlanean. Ekimen horretan, 76 establezimenduk parte hartuko dute. Ekintza beraren barnean, Bizilabeko gazteek bideo bidez aurkeztuko dituzte emakume horien istorio eta historiak eta haien ikerketa-gaiari lotutako esperimentuak. Bizilaberen webgunean egongo dira ikusgai.