Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Eguna ospatzeko, 'Otsailaren 11 erakusleihoak' ekimena jarri du martxan Elhuyarrek
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da gaur. Izan ere, 2016an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak otsailaren 11 aukeratu zuen emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko. Egun hau aintzat hartu du Elhuyarrek, eta Otsailaren 11 erakusleihoak ekimena jarri du martxan. Bilbo, Tolosa, Ibarra, Villabona, Elgoibar eta Donostiako 98 saltokik parte hartuko dute.
Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute erakusleihoa. Hortaz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.

Horrez gain, Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, erakusketa zabaldu dute Eureka! Zientzia Museoan, martxoaren 13 arte, zientzia- eta teknologia-arloko 12 emakume omentzeko. Erakusketarekin batera, emakume horien omenez, familientzako esperimentuak antolatuko dituzte bihar eta etzi museoan bertan.

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari lotuta, beste hainbat ekintza ere antolatu ditu Elhuyarrek. Teknopolisek saio berezia egingo du asteburuan ETB-1en eta ETB-2n; besteak beste, Ana Zubiaga Genetikan katedraduna eta Arrate Alonso telekomunikazio-ingeniaria elkarrizketatuko dituzte saioan. Era berean, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrila irratsaioak ere gai hori izango du hizpide nagusi gaurko saioan. Eta otsailaren 17an, Ana Galarraga Elhuyarreko kideak Itziar Garate Lopez astrofisikaria elkarrizketatuko du Donostia Kulturak eta Elhuyarrek Ernest Lluch Kultur Etxean antolatutako ekitaldian.
Bestalde, Emakumeak zientzian ekimenarekin ere bat egin du Elhuyarrek, eta hainbat ekintza izango dira gaurtik aurrera.


