Emakume batek, Bizenta Mogelek, euskaraz idatzitako lehen liburua irakurriko dute Bilbon

Emakume batek, Bizenta Mogelek, euskaraz idatzitako lehen liburua irakurriko dute Bilbon Berrehun bat lagun arituko dira Mogelek 1804an argitaratutako 'Ipui onac' irakurtzen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-batek-bizenta-mogelek-euskaraz-idatzitako-lehen-liburua-irakurriko-dute-bilbon/@@download/image/IMAGEN_HORIZONTAL_IRAKURKETA_2025.jpg
2025/06/04

Testua: Maitane Legarreta

Berrehun bat lagun arituko dira Mogelek 1804an argitaratutako 'Ipui onac' irakurtzen.
Emakume batek, Bizenta Mogelek, euskaraz idatzitako lehen liburua irakurriko dute Bilbon

Bilbo Zaharra Euskaltegiak urtero antolatzen du Klasikoen Irakurketa Etenik Gabea eta bihar XVIII. edizioa izango da. Arriaga Antzokian Bizenta Mogelen Ipui onac irakurriko dute, emakume batek euskaraz idatzitako lehen liburua. Goizeko zortzietan hasi eta ordu biak arte arituko dira irakurketan.

1804. urtean, Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara. Garai hartan ez zen ohikoa emakumeek irakurtzen jakitea, eta are gutxiago latina ikastea. 22 urte baino ez zituen.  

Bizenta Mogel Elgezabal Azkoitian jaio zen 1782an, baina aita hil, eta hark urtebete zuela, familia Markinara joan zen bizitzera. 1817ra arte bizi izan zen bertan. Liburuaz gain, hainbat bertso-sorta ere idatzi zituen.

Nerea Ibarzabal bertsolari, idazle eta sortzaileak hasiko du irakurketa, goizeko zortzietan. Ondoren, txandaka, 200 pertsona arituko dira Mogelen liburuko testua irakurtzen. Kultura- eta gizarte-eragileek, ikasleek, irakasleek eta erakundeetako kideek parte hartuko dute irakurketan. Tarteka, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxetako euskara ikasleak irakurtzen agertuko diren bideoak proiektatuko dituzte.

Arriagako plazan jarritako pantaila erraldoian jarraitu ahal izango da irakurraldia zuzenean, eta baita EITBren webgunean ere. Aurreko edizioetako argazkiekin eta kartelekin osatutako erakusketa ere ipini dute Abandoko metro geltokietan.