Emakume artisten lana gerturatzeko mahai-ingurua izango da gaur Donostian

Emakume artisten lana gerturatzeko mahai-ingurua izango da gaur Donostian 'Bagara' liburu-sailaren inguruan arituko dira solasean San Telmo museoan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/emakume-artisten-lana-gerturatzeko-mahai-ingurua-izango-da-gaur-donostian/@@download/image/STM_Gorputza_1200 (1).jpg
2023/02/14

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Bagara' liburu-sailaren inguruan arituko dira solasean San Telmo museoan.
Emakume artisten lana gerturatzeko mahai-ingurua izango da gaur Donostian

EHUk eta San Telmo museoak antolatutako Gorputza, egiletasuna eta generoa euskal kultur sorkuntzan zikloaren barruan lau saio egingo dira, gaurtik maiatzera bitarte. Unibertsitatearen izen bereko ikerketa proiektuaren barruan kokatutako zikloak diziplina artistiko desberdinen arteko elkarrizketa sustatzea du helburu, eta diziplinarteko zein genero ikuspegitik heltzea gorputza eta sormen artistikoaren arteko auziari. Hainbat gairen inguruan hausnartuko dute, hala nola gorputzaren diskurtsoez, irudikapen artistiko-literarioez eta eszenaratzeaz. 

Gaur, hilak 14, izango da lehen hitzordua eta emakume artisten lana gerturatzeko Bagara liburu-sailari buruzko mahai-ingurua izango da San Telmo Museoan, 19:00etan. Haizea Barcenillak, Irrimarra bikote sortzaileak (Karmele Gorroño eta Irene Irureta) eta Arrate Rodriguezek hartuko dute parte, Leire San Martin moderatzaile dutela.

Miren Artetxe eta Oihana Arana bertsolarien emanaldia izango da martxoaren 9an, Ikusten ez denari: hitza izenburupean. Yasmine Khris, Sarai Robles, eta Jone Rubio arituko dira gai-jartzaile lanetan. Hainbat galderaren inguruan arituko dira: Nondik eta nola sortzen dugu? Nor dago eta nor ez? Non dago egilearen gorputza? Eta … nor da egilea?

Antzezlana eta mahai-ingurua izango dira apirilaren 27an, Mariage d'Amour, gorputzak antzezle izenburuarekin. Maite Agirre, Patricia Fernandez, Nerea Iglesias Lili, Xabier Madina eta Aitor Renteria izango dira oholtzan. Maite Agirrek zuzendutako Mariage d’Amour antzezlana ikusi ondoren, elkarrizketan arituko dira Nerea Iglesias antzezlaneko aktorea eta Maite Luengo artearen historialaria. Lan horretatik abiatuta, gorputza eta antzerkiaren arteko harremanaren inguruan hausnartuko dute.

Azkenik, Garazi Ansaren Bisitarien gorputzak museoetan hitzaldia izango da maiatzaren 16an. Gorputzek museoetan zein leku duten aztertuko du Ansak. 

Abenduan hasi zen zikloa eta beste bi saio egin ziren aurrez, bata Afektu bihurrituak, begirada disidenteak euskal poesian izeneko errezitaldia eta bestea Kantatu ezin denaz bertsolaritzari buruzko mahai-ingurua.